Usurbil Usurbil, goazen kalera ibilbide osasuntsuak berreskuratuko dituzte, elkarlanean, herriko jubilatuen elkarteek, ikastetxeek eta Udalak. Datorren astean hasiko dira eta, oraingoz, ekain amaierara arteko egutegia prestatu dute. Asteroko maiztasuna izango dute saioek eta, berritasun gisa, aste bakoitzean leku desberdin batean izango dira: Usurbilgo kaxkoan ez ezik, Aginagan, Santuenean eta Zubietan ere egingo dute.

Lehenengo irteera apirilaren 16an izango da eta parte-hartzaileak frontoian 10.00etan elkartuko dira. Gehienetan, ohi bezala, paseoak emango dituzte elkarrekin, baina tarteka bestelako ekintzak ere egingo dituzte. Saioak astero egingo dituzte, astearteetan, 10.00etatik 11.30era.

Antolatzaileak jubilatuen elkarteak eta ikastetxeak izango diren arren, Udalaren laguntza izango dute. Jardunaldiko begiralea bermatzeaz gainera, saioaren amaieran hamaiketakoa izango da denentzat, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek prestatua eta udal zerbitzuetako lankideek behar den lekura eramanda.

Ariketa fisikoa egitea bultzatzeaz gain, beste bi helburu nagusi jarri dizkiote ekimenari. Batetik, belaunaldi artekotasunean sakondu nahi dute, eta herriko jubilatuen elkarteek eta ikastetxeek elkarlanean antolatuko dituzte saio hauek, Udalaren laguntzarekin. Gure Pakeak, Arratek, Gure Elkarteak, Aginagako eta Zubietako eskola txikiek eta Udarregi ikastolak parte hartuko dute. Bestetik, elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ere izango du helburu ekimenak, komunitate izaera sustatzearekin batera. Ekimena ez da jubilatu edo ikasleei soilik zuzendutakoa; nahi duen orok parte har dezake.