Javier Betegik bizitza osoa eman du ostalaritzan. Antzuolako jubilatuen egoitzako tabernan eta Aldapan eman ditu urte gehien.

Ostalari bokazionala da. “Ikastea sekula ez zait gustatu eta 14 urterekin ostalaritzan hasi nintzen lanean. Lehenengo lana Getarian izan zen, Politena tabernan, udako bi hilabetetan. Hurrengo urtean Orion lan egin nuen, Itsas-Gain tabernan. 18 urte bete nituen arte ostalaritzan lan egin nuen. 18 urterekin gauza asko nahi dituzu eta ostalaritza utzi nuen eta Bengolea zerrategian hasi nintzen. Zortzi urte egin nituen bertan. Baina ni ostalaria naiz. Umetatik oso argi nuen zer egin nahi nuen. Jendearekin harremana, komunikazioa… gustatzen zaizkit. Ostalaritzan oso jende ezberdina ezagutzen duzu. Gainera, familian ostalaritzan lan egin duen jendea egon da nire aurretik. Bai Mendizabal baserrikoen aldetik eta bai Behibakar baserrikoen aldetik. Nire aita Behibakar baserrikoa zen eta ama Mendizabalekoa. Ni Mendizabalen jaio nintzen”.

Hala, Bengolea utzi eta ostalaritzara itzuli zen. “Antzuolako jubilatuen egoitzako taberna hartu nuen. Gazteekin eta adinekoekin lan egiten nuen. Oso gustura egon nintzen Antzuolan. Oso ondo hartu ninduten. Oraindik harremana dut Antzuolako jendearekin. Oso jende jatorra da”.

Antzuolatik Urretxura

Antzuolatik Urretxura itzuli zen. “Ni Antzuolan geldituko nintzateke, baina nire emaztea izandakoak, Lolik, Urretxura etortzea komeni zitzaigula esaten zuen. Izan ere, hemen bizi ginen. Urretxun ere oso gustura egon naiz. Hori bai, hau handiagoa da eta hemen gehiago toreatu behar da”.

Antzuolatik etorri zenean, Aldapa taberna ireki zuen. “Toki polita da. Herriaren erdian dago eta aukera handiak ematen ditu: arkupea du, terraza jarri daiteke… Loliri eta bioi gustatu zitzaigun, noski. 1999an ireki genuen”.

25 urte hauek onak izan direla dio. “Une gogorrak ere egon dira. Dena den, bizimodua duzunarekin egin behar duzu. Nire ustez, beti izan naiz gogorra. Horrela irakatsi didate. Hezkuntzak, gurasoek eta ingurukoek nola lan egin duten… eragin handia du. Eta hori baserritik datorren gauza da”.