Usurbilgo Arau Subsidiarioen ondare katalogoak Orbeldiko presa eta indarretxea ondare etnografiko bezala sailkatzen ditu, baina otsaileko osoko bilkuran elementu horiek deskatalogatzea hasieraz eta aho batez onartu zuten; hau da, ondare etnografikoko babes hori kenduko zaie. Aldaketa hau beharrezkoa da ur bizientzako kanala ezartzeko eta kirol ekipamenduak behar dituen zerbitzuak egokitzeko.

Udaletik gogorarazi dutenez, Gipuzkoako Piraguismo Federazioak 2019ko abenduan erregistratu zuen Usurbilgo Udalean Orbeldin ur bizientzako kanala ezartzeko Lurzoru urbanizaezineko Plan Berezia, planaren Ingurumen Txosten Estrategikoarekin batera.

2020ko abenduan, Usurbilgo Udalak Orbeldin ur bizientzako kanala ezartzeko Plan Berezia hasieraz onartu zuen. 2021eko otsailaren 4an, jendaurrean jarri zen, eta epe horretan ez zen alegaziorik jaso.

Plan Bereziak kanalaren gainean kokatzen den zentralaren edo indarretxearen aurriak kentzea eta kanala zena kirol erabilerarako egokitzea proposatzen du, bertan ur-biziko kanal bat sortuz.

Zentralaren aurriak kanalaren gainean kokatzen direnez, hauek mantentzea ez da bateragarria kanala kirol erabilerarako birmoldatzearekin. Horregatik, kirol ekipamenduak behar dituen zerbitzuak (on-tzien biltegia, aldagelak, komunak, harrera, etab) kanaletik kanpo kokatuko den zerbitzu-eraikin berri batean egokitzea proposatzen da.

2021eko maiatzean, Eusko Jaurlaritzako EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak Orbeldin ur bizientzako kanala ezartzeko Plan Bereziari aldeko txostena eman zion, eta aldeko erabakiaren jakinarazpenarekin batera, URAk (Uraren Euskal Agentziak), Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak emandako txostenak igorri zituen Udalera. Azken honek, gomendio izaerarekin zioen, Orbeldiko zentralaren aurriak eraistea ez zela onargarria Udalaren katalogotik kanpo geratzen ez zen bitartean.

2023ko abuztuan, Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiak interes publikotzat jo zuen Orbeldin ur bizietako kanala ezar-tzeko jarduera.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean egindako ohartarazpena kontutan hartuta, Usurbilgo Udalak Orbeldiko presa eta indarretxearen balio kultural eta etnografikoa identifikatzeko txostena eskatu zion Aranzadi zientzia elkarteari.

Aranzadik egindako Kultur Ondarearen azterketak dio, gaur egun indarretxearen eraikina oso egoera hondatuan aurkitzen dela eta ez duela elementu arkitektoniko garrantzitsurik. Halaber, bertan zeuden makinak desagertuta eta hondatutako hondakinak direla. Hortaz, deskatalogatzeko tramiteak hasi ditu. Aldiz, zentralari lotutako presa eta deribazio-kanala kontserbazio-egoera onean daudela dio eta ingeniaritza hidrauliko industrialari lotutako elementu arkitektoniko garrantzitsuak direla.