Gaur zabalduko ditu ateak Pelaioenea eraikinak. Usurbilgo Kalezar auzoko erdigunean kokaturik, Emakumeen Etxea eta udal ekipamendua uztartuko ditu.

Inaugurazioko egitaraua Usurbilgo Udalak, Belmonte auzo elkarteak eta Emakumeen Etxeak ondu dute. 12.00etan batukadarekin kalejira egingo dute Mikel Laboa plazatik Kalezarrera eta ordu erdi beranduago irekiera herrikoia burutuko da. Herriko txalapartari, musikari, dan-tzari eta txistulariek ere parte hartuko dute ekitaldian.

Ibilbide luzea

Pelaioenearen ibilbidea luzea izan da. 2021ean, pandemiako neurriek bilerak baimendu zituztenean, Emakumeen Etxeko sustatzaileek eta auzotarrek nork bere parte-hartze prozesua egin zuen, Elhuyarrek gidatuta, eta zenbait saiotarako elkartu ziren, Pelaioenearen funtzionamenduari buruzko alderdiak elkarrekin erabakitzeko.

Bilera horietan 40 lagun inguru elkartu ziren, “gazteak eta helduak; auzo desberdinetakoak; jatorri desberdinetakoak; parte hartzen ohituak eta horrelako prozesu batean lehen aldiz parte hartu dutenak”, aditzera eman zen 2021eko martxoko Udalberri udal aldizkarian.

Erabaki garrantzitsuak

Elena Rikondo kalezartarrak Emakumeen Etxeko eta auzo elkarteko parte-hartze prozesuetan aritu zen eta hartutako erabakiak oso garrantzitsuak izan zirela dio.

Bere aburuz, Emakumeen Etxeari dagokionez, inportantea da Usurbilen espazio bat egotea adin desberdinetako eta jatorri desberdinetako emakumeak biltzeko, “goxo egoteko bilgune bat”, alegia. “Egingo diren ekintzen bitartez hasierako helburua da elkar ezagutzea, proiektu txikiak elkarrekin egitea, etab.”, gaineratu du. Ideia asko dituztela ere esan du eta pixkanaka, Emakumeen Etxea martxan hasten denean eta ekimenak eraikitzen diren neurrian, gehitzen joango dira.

Pelaioenea eraikina N.G

Rikondok Pelaioenearen kokapena oso egokia ikusten du. Kalezar auzoaren erdigunean dago eta edonorentzat irisgarria da. “Zoragarria gelditu da eta oso gauza interesgarria izan daiteke”, aipatu du.

“Auzo honek ez dauka estalperik, euria egiten duenerako edo elkar-tzeko, eta urtetan Udalari eskatu zaio Kalezarko kaxkoan elkargune bat eraikitzea; bertan adin desberdinetako jendea elkartzeko, formazio taldeak antolatzeko eta ekintzak egiteko. Honela, auzoko bizitza berpiztea ere bilatzen dugu”, azaldu du auzotarrak.

Rikondok gogorazi duenez, duela hamarkada batzuk familia asko joan ziren Kalezarrera bizitzera eta ume asko jaio ziren eta auzo bizitza gehiago zegoen. “Gero etorri ziren urteak Kalezar kaxkoa hustu egin zena, gehienak herrira jaisten ginen eta auzoan bakarrik San Joan festetan egoten zen jendea”, gogora ekarri du.

Auzo bizitza berreskuratzea

Eraikin berrituak parada emango die auzo bizitza berreskuratzeko: “Pelaioeneak kafe zona bat izango du eta guretzat oso garrantzitsua da aukera izango dugulako auzotarrak, adineko jendea, zaintzaileak... ordu batzuk pasatzeko”.

Inaugurazioarekin Pelaioenearen bidea ez da amaitzen, hasi besterik ez da egingo. Emakumeen Etxearen proiektuan parte hartzea erabaki-tzen duten emakumeek proiektuari mamia ematen jarraitu beharko dute. Eta gauza bera auzotarrek, auzo elkartearen bueltan.

Hasieran hala aurreikusi ez bazen ere, han kokatuko da Udaleko Berdintasun saila, eta han eskainiko dira, baita ere, sail horrek antolatutako ikastaro, zerbitzu eta bestelako ekitaldiak ere, esaterako aholkularitza jurikoa. Ondo bidean, Aste Santuaren ostean izango da hori.

Pelaioenea barrutik eraikitzeko lizitazioa Indenort enpresak eskuratu zuen, eta 2022ko urrian hasi zen lanean. Udalak 585.000 euroan lizitatu zuen obra hori, eta lanak sei hilabetetan egingo zituela adierazi zuen enpresak: 2023ko udaberrirako amaituta behar zuen obra 2024ko martxoan entregatu dute, azkenean. Udalak enpresari jakinarazi dio dena amaitutakoan isuna jarriko diola.

Txirikorda maiatzean

Aurreko legegintzaldiko bi proiektu estrategikoek argia ikusiko dute udaberri honetan: gaur Pelaioenearen inaugurazioa izango da eta maiatzaren 10ean, Txirikordarena.

Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioak bere inaugurazioa atzeratu behar izan du hauteskundeengatik. Maiatzerako han bizitzen izango dira Txirikordako lehenengo 16 bizilagunak, ia hilabetez.

Txirikorda

Txirikorda bi kolektibori zuzendutako proiektua da: 18 eta 30 urte arteko gazteak eta 65 urtetik gorako helduak. Guztira, hamahiru etxebizitza ditu: bi logelako hiru etxe, eta logela bakarreko hamar.

Gazte eta helduen artean erdira esleitzea izan da asmoa hasieratik. Helduen kolektiboan, ordea, eskaera gutxiago izan dira. Hortaz hiru etxebizitza erreserban utzita, helduei zuzendutako bat beste gazteei esleitzea erabaki zuen Udalak.

Kontratuak bost urterako izango dira: gazteen kasuan, ez dira luzagarriak izango, eta helduen kasuan, gizarte zerbitzuek baloratuko dute kontratua luzatzeko baldintzak betetzen diren.

Txirikorda eraikitzeko obrak nahi baino gehiago luzatu dira: urtebete, gutxienez. Iazko otsailean, Txirikordan Murias enpresa eraikitzailearentzat lanean ari ziren azpi-kontratatutako enpresa batzuek Udalari jakinarazi zioten lanak eten egin zituztela, Murias ez zielako ordaindu egindako lanengatik. Muriaseko obrako arduradunak halaxe zela baieztatu zion Udalari.

Egoera konpontzeko konpromisoa hartu, baina hori ere ez zuten bete, eta, azkenean, 2023ko urrian, ezohiko osoko bilkuran onartu zuten Udalak Muriasekin zuen kontratua suntsitzea eta obra amaitzeko lanak Udalak bere gain hartzea.

Esan bezala, Txirikordaren irekiera maiatzaren 10ean izango da, arratsaldez, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte festara.