Duela zenbait hilabete aurkeztu zuten Usurbilgo Elkargunearen proiektua herriko hainbat eragilek (Aztarrika gazte asanblada, Usurbilgo Kulturgunea, Ziortza gazte elkartea eta gaztelekua). Gazte, nerabe eta kulturgileentzako gune berri bat behar zela nabarmendu zuten aurkezpen hartan.

Jon Mikel Azpiazu zinegotziak azaldu duenez, udal ordezkariak eta eragileak hainbatetan bildu dira azken hilabeteetan, eta zenbait aurrerapauso eman dituzte. “Udalak potentzialitate handia ikusten dio proiektuari: lau eragileren elkarlanetik sortua bada ere, uste dugu Usurbilgo herriaren eta herritarren hainbat beharri erantzuteko balioko duela”, azpimarratu du Azpiazuk. Herriko gazte zein kulturgileak erakusten ari diren “inplikazioa” ere nabarmendu du zinegotziak: “Adin ugaritako herritarrak elkartuta ari dira lanean, herriari ekarpen bat egiteko asmoz eta uste dut eskertzekoa dela”.

Elkargunearen eskaera egin zuten lau eragileek ere, denen beharrak asetzeaz gain, Elkargunea beharrezkotzat jo dute herritar zein eragileen arteko elkarlana bultzatzeko: “Elkarlanak fruitua eman behar badu, Usurbilek aterpe berria behar du”.

Elkarte bakoitzari motibazio desberdin batek bultzatu zion Elkargunearen beharra ikustera. Lehenengo ideia Aztarrika gazte asanbladako kideetatik atera zen. Elkargunearen planteamendua egin zuten Gaztetxe baten beharra nabarmendu zutenean. “Gazteok gure sentituko dugun espazio bat behar dugu herrian, herri mugimendua hauspotzen eta indartzen jarraitzeko, eta uste dugu, gainera, espazio hori herriko eragileekin partekatzeko modukoa izan daitekeela: sinetsita gaude elkarlanean diharduen gazte mugimenduak herrian eragiteko gaitasuna eta grina biderkatzen duela”, azaldu dute.

Ideia gainerako eragileei aurkeztu, eta elkarlanari ekin zioten, orduan. “Herriko nerabeen, gazteen eta kulturgileen arteko konexioak irudika-tzen hasi gara, eta sinetsita gaude kultur zein gazte eragileek gune bat partekatzeak herriko ekimen komunitarioak elikatzen lagunduko duela”, argudiatu dute Aztarrikatik.

Bigarren suspertzailea Usurbilgo Kulturgunea izan zen. Kulturgunea 2022an aurkeztu zuten publikoki, zenbait hilabetetako parte-hartze prozesu bat egin ostean. Gogoratu dutenez, hasieratik azaleratu zen espazio berri baten beharra prozesu hartan, “zuzeneko kulturaz zutik gozatzeko eta sorkuntzarako”.

Azaldu dutenez, ez dute herrian eskura dagoen kultur ekipamendurik “bikoiztu” nahi, ez dagoen zerbait sortu baizik. Elkarlanaz harago, espazioa herriko gazteekin parteka-tzea “oso aberasgarria” izango dela uste dute: “Euskal kulturaren transmisiorako erreferentziazko gune izan liteke espazio hau, bertan bilduko bailirateke herriko nerabeak, gazteak nahiz hezitzaileak. Euskal kulturzaleak sortzeko, hezitzaileak ere kultur ekosistemaren barruan kokatzen ditugu Kulturgunean: euskal kulturaren transmisiorako aktore garrantzitsuak direla uste dugu”.

Bestalde, Ziortza gazte elkartetik aditzera eman dutenez, gero eta gazte gehiago gerturatzen da Ziortzara, eta ez daukate guztiak elkartzeko leku egokirik: “Gaur egungo deialdietan, 130 gazte inguru elkartzen gara, hilean behin gutxienez. Ez daukagu, ordea, hainbeste pertsona elkartzeko espazio aproposik herrian; uneotan, Askatasuna plazako estalpean egiten ditugu saioak”.

Elkargunean, denak elkartzeko aukera izateaz gain, ekintzak herriko beste eragileekin elkarlanean antolatzeko aukera izango dutela nabarmendu dute.

Azkenik, Elkargunearen beharra ere gaztelekuan sumatu dute. Udalak eskaintzen duen zerbitzua da, hamabi eta 17 urte bitarteko nerabe edo gazteentzat. Bertan, haien garapen konstruktibo eta osasungarria sustatu nahi da, aisialdiko gune gisa. Gaztelekuko erabiltzaileak adinez txikiak izanda ere, Elkargunean lekua izan dezaketela nabarmendu dute: “Sinetsita gaude gazteen garapen hori herriko gainerako eragileekin hartu-emanean sustatzea dela aberasgarriena herritarrentzat”.

Usurbilgo Elkargunearen proiektua osatzeko parte-hartze prozesua egingo dute, otsailaren 3tik ekainaren 15era bitartean, Elhuyarren laguntzarekin.

Kokapena

Adostasuna

Udarregiko zelaian

Elkargunearen kokapena da bileretan landutako gaietako bat, eta ados jartzea lortu dute: Udarregi ikastolaren aurreko zelaian eraikiko da, etorkizunean, Usurbilgo Elkargunea. Izan ere, kasu honetan, eraikin berri bat egin beharko dutela adostu dute, eta Udalak horretarako konpromisoa hartu du: “Udalak, eraikin berriak egin baino lehen, erabiltzen ez diren eraikinak berri-tzea du irizpide nagusitzat, baina, kasu honetan, Usurbilen ez dago eragileek irudikatutako espazio berri horren ezaugarriak betetzen dituen areto edo eraikinik, eta, beraz, berri bat egin behar da”.

Eragileek eraikina kokatzeko hainbat proposamen pentsatuak zituzten, eta, azkenean, denen artean erabaki dute Udarregi ikastolaren aurreko zelaia dela egokiena: “Bai espazioaren tamainaren aldetik, eta baita arauen aldetik ere; egun indarrean dauden Arau Subsidiarioek zein hasierako onarpena emana diogun Plan Orokorrak espazio horretan udal ekipamendu bat egitea aurreikusten du”.