Síguenos en redes sociales:

Loramendi bere 30 urteak euskara bultzatuz ospatzen ari da

Aretxabaletako Elkarteak bazkideekin eta herritarrekin partekatuko ditu urteurreneko ekintzak

Loramendi bere 30 urteak euskara bultzatuz ospatzen ari daA.D.

Herritarrekin batera ospatzen ari da AretxabaletakoLoramendi Euskara Elkarteabere 30. urteurrena. “Martxan ditugun proiektuekin egingo dugu aurrera. Euskara sustatzen jarraitzea da helburua, baina beste estrategia batzuk erabilita; eta, aldi berean, bazkideengana gerturatu nahi dugu”, adierazi zuen Lierni Zangitu presidenteak.

Urte bukaera bitartean ekitaldi desberdinak egingo dituzte hiru hamarkadako ibilbidea aprobetxatuz. Hilabete honetarako, adibidez, frontenis txapelketa eta topaketak antolatu dituzte, eta apirilerako, ordea, Loramendiren museoaren txanda izango da. “Elkartearen bidean zenbat kontu landu diren eta zenbat lagun pasatu diren jasoko ditugu. Udaletxe zaharreko atarian ipiniko dugu ikusgai materiala”, aurreratu zuen Zangituk.

Gainera, Euskararen Eguna berreskuratuko dute maiatzean. Langile eta zuzendaritza batzordeko kideak izan direnen bazkaria, San Migelak, bertso afaria, mahai ingurua… aurrerago zehazten joango diren egitarauan ere sartzen dira.

Joakin Arana Loramendi Kultur Elkartea 1993ko abenduaren 10ean eratu zuten. Dena den, ez zen hutsetik sortu, dagoeneko ereinda zeuden bi hazik bat egitean emandako kimua izan zen: Beinke Kultur Elkartea eta Loramendi ikastola. Biek ala biek herrian euskararen erabilera sustatzea zuten helburutzat.