Iraitz Legarrak, markina-xemeindarrak, jaso zuen Bizenta Mogel XLII Ipuin Lehiaketako irabazlearen saria ostiral arratsaldean ospatu zen sari banaketaren saioan. Lur arrotz ipuinak eman dio saria. Bigarrena, berriz, Marta Alberdi azkoitiarrarentzat izan da Erabakia lanarengatik, eta hirugarrena, Jon Joseba Aizpurua zumaiarrarentzat San Telmoren sua ipuinari esker.

Iraitz Legarrak duela 15 urte pasa irabazi zuen lehenengo saria Azkoitian eta oso berezia izan dela errekonozimendu hori berriro jasotzea esan zuen. “Beste batengana iritsi, emozioa sortu, zer pentsa eman, eta zure ipuinak eragina izan duela irakurlearen barnean entzutea da bilatzen duzuna idazten hasten zarenean; hori baino sari hobeagorik ez dago”.

Marta Alberdik bere lanaren berri eman zien Azkoitiako udaletxeko pleno aretoan bildu zirenei. “Erabakia ipuinaren protagonista emakume gazte bat da. Bere bizitzako une zail batean aurkitzen da, ez dauka behar adina indar duen bizi-proiektua aurrera eramateko, eta iraganarekin topatzen da aurrez aurre. Iragana ondo aztertu ondoren, bere korapilo emozionala askatzeko giltza topatuko du”.

Jon Joseba Aizpuruak euskararen balioa nabarmendu zuen bere lana aurkezterakoan “Euskara altxorra da eta gure arduretako bat jarraipena ematea da euskaraz idatziz. Horregatik idazten dudala uste dut, eta horregatik sortu da San Telmoren sua. Nafarroako Donamaria herriko komentuko ama nagusiak deabruaren zantzuak nabarmentzen ditu, eta laguntza eskatzen dio emakume talde bati. Partaideen baldintzetako bat da borrokatzeko ezin dutela armarik erabili. Arma bakarra sinesmena da”.

Udalak Azkoitiko Kultur Elkarteari aitortza egiteko aprobetxatu zuen sari banaketa. Elkarteak sortu zuen Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa eta urte guzti hauetan ekimena antolatzeaz arduratu da, Udalarekin elkarlanean.