Zortzi eta hamabi urte bitarteko gaztetxoen artean euskara sustatzea helburu duen ekimena da 'Kantari Beasain', Udalaren eta Goierri Telebistaren arteko elkarlanari esker aurrera atera den ikuskizuna. “Kezkatik baino arduratik ikusten dugu euskararen erabilera ahalik eta gehien zabaltzearena. Euskara erakargarri izatea behar du euskaldunon egiteko behinena eta gazteen artean egin nahi dugun ahalegin horretan kokatzen dugu ekimen hau”, azaldu zuen Leire Artolak, Beasaingo alkateak, ikuskizunaren aurkezpenean. Atzo arratsaldean aurkeztu zen ekimena; alkatearekin batera, Jon Aldanondok, Goierri Telebistako zuzendariak, eta Beasaingo lau ikastetxeetako ordezkariek parte hartu zuten. Izan ere, Alkartasuna Lizeoak, La Salle ikastetxeak, Murumendi eskolak eta Andramendi ikastolak ekimenarekin bat egin dute.

“Euskara modu dibertigarrian erakargarri bihurtu eta bide batez euskal kantugintza eta kultura gazteei helaraziko zaie. Aldi berean, gurasoak euskal kulturara ere erakartzen ditugu kate honetan, ondo pasatuz eta euskara gozamenarekin lotuz. Goierri Telebistaren proposamenari baiezkoa emanda, herriko ikastetxeen laguntza eta elkarlana eskertu beharrean gaude. Kantari saioa finean, euskarara modu dibertigarrian gaztetxoak erakartzeko modua da, haur eta gazteak euskaraz kantuan eta dantzan jartzen dituen ikuskizuna da, gazteak eurak ikuskizuneko protagonistak bihurtuz”, gaineratu zuen Leire Artolak.

Kantari Beasain ekimenak hamaika emanaldi izango ditu; zazpi otsailaren 24an, larunbatean, egingo dira eta lau hilaren 25ean, igandean, Usurbe Antzokian. “Herritarrek zuzenean emanaldiez gozatzeko aukera izango dute. Doakoak izango dira emanaldi guztiak eta ez da ez sarrera ez gonbidapenik behar izango”, jakitera eman zuen Jon Aldanondok. Emanaldiak zuzenean streaming bidez jarraitzeko aukera ere egongo da, gitb.eus atarian. Larunbateko emanaldiak 15.00etan hasiko dira eta igandekoak, berriz, 11.00etan.

“Zuzeneko emanaldiak eta gero, webgunera ere igoko dira saioak eta gurasoei ere bidaliko zaie saioaren lotura zuzena. Gainera, astero bi saio estreinatuko dira telebistan, asteartetan eta ostegunetan, 21.00etan. Asteburuetan errepikatuko dira”, esplikatu zuen Aldanondok.

Bestalde, Beasaingo ikastetxeetako ordezkariak ekimenarekin oso pozik agertu ziren. Lehiakortasun eza azpimarratu zuten: “Ondo pasa-tzeko aukera ezin hobea da”. Guztira, 275 haur beasaindarrek parte hartuko dute ikuskizunean.