Tolosako Inauteriak geroz eta gertuego daude, eta, hori dela eta, garraio publikoak eta herriko trafikoak izango dituen aldaketak jakin dituzte herritarrek.

Izan ere, inauteriak kalean bizi diren festak dira eta Tolosako erdigunea jaien agertoki nagusi bilakatzen da. Hori dela eta, hainbat trafiko aldaketa egongo dira inauterietan. Horrekin batera, inauteriek inguruko herrietako jende asko erakartzen dutela kontuan hartuta, garraio publikoa ere indartuko da. 

Inauteriek herri osoa hartzen duten arren, festa giro handiena erdigunean izaten da. Horregatik, jaiek irauten duten bitartean, erdigunea, besteak beste, Rondilla kalea, San Fratzisko, Zumalakarregi kalea, Nafarroa edota Foruen etorbidea trafikoarentzat itxita egongo dira. Ostegunetik larunbatera, itxierak puntualak izango dira, udaltzaingoek behar bezala seinaleztatutakoak, baina igandetik asteartera bitartean, hau da, otsailaren 11tik 13ra bitartean (biak barne) itxiera erabatekoa izango da”, azaldu dute Udaleko kideek. Horretaz gain, garraio publikoa indartuko da eta honek ere aldaketak izango ditu ordutegi eta ibilbidean. Lurraldebusari dagokionean, erdigunean egingo diren trafiko itxierak direla eta, herri kanpotik egingo ditu ibilbideak. Horrez gain, otsailaren 8an, 10ean, 11n eta 12an gaueko autobus zerbitzua ere eskainiko du Lurraldebusek, Abaltzisketa, Berastegi eta Asteasuko norantzetan, hain zuzen. Tolosaldea bus-eko linearen kasuan, Rondilla 34ko geltokia Santa Klarara lekualdatuko da eta bertan egingo du geldiune bakarra. Hiribusean ere aldaketak egongo dira, baina, aldaketa hauek, egun guztietan ez dira berdinak izango, eta, beraz, Udaletik azaldu dute udaltzaingoak ohar informatiboak jarriko dituela markesina guztietan. Azkenik, Udaletik azaldu dutenez, tren zerbitzua ere indartu egingo da eta igandetik asteartera bitartean, ordutegian aldaketak egongo dira eta gaueko tren zerbitzu berezia ere eskainiko da. Autobus, hiribus zein tren ordutegien eta ibilbideen aldaketaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago udal webgunean