Aurten lehenengo aldiz, Hernaniko Udalak txotx denboraldian edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko lanketa egin du herriko ostalaritzako establezimenduekin. Momentuz, hamabost tabernek bat egin dute sistemarekin eta ez dituzte plastikozko edalontziak jarriko.

Ekimen honen helburuak batetik, hondakin gutxiago sortzea eta bestetik, kaleak garbiago egotea dira.

Edalontziak tabernetan bertan eskuratuko dituzte erabiltzaileek, euro baten truke. Edalontzi hori bera erabiliko dute Hernaniko ostalaritza establezimendu ezberdinetan kontsumitzeko. Edalontzi hauek etxera eraman daitezke edo tabernetan bertan utzi.

Bestela, Udalak bilketa puntu bereziak jarriko ditu edalontziak uzteko: Atsegindegin, Zinkoenean, Ibaiondon eta Plaza Berrin. Honela, ostalariek edalontziak berrerabiltzeko aukera izango dute.

Edalontzi berrerabilgarriek Unai Gaztelumendik propio sortutako irudia daukate.

Esan bezala, orain arte hamabost taberna atxiki dira kanpainara, baina gainontzeko ostalariek edozein momentutan bat egin dezakete sistema honekin.

Horretarako, udaletxean informazioa eskuratu dezakete (emaila: merkataritza@hernani.eus/tel.: 943 337 028).