Jada zabalik da Usabaleko kiroldegiaren ondoan kokatuta dagoen kirol parke berria, hainbat hilabetetako obra lanen ondoren. Ostegun arratsaldean egin zuten inaugurazio ofiziala erabiltzaile ugariren eta Tolosako Udaleko hainbat kideren presentziarekin. Udaleko kideek azaldu dutenez, “14.300 metro karratuko eremu honek elkargunerako, kirola egiteko, paseatzeko edota aisialdirako espazioa eskainiko du, eta horietako 6.600 m2 pasatxo hartuko ditu kirol parkeak”. Lau gune nagusi izango ditu: skatepark pista, pump track zirkuitua, trial modalitaterako oztopoak eta tirolina. Horrez gain, atsedenguneak sortu dira, eta Alegiara doan oinezkoentzako eta bizikleten-tzako pasealekua berritu da. Ostegunean eginiko inaugurazio ofizialean, Andu Martinez de Rituerto alkateak kirol parke berriaren hiru ezaugarri nabarmendu nahi izan zituen. Hasteko, parkearen irekitasuna nabarmendu zuen. Izan ere, Martinez de Rituertoren hitzetan, “edonork eta edonoiz doan erabiltzeko moduan izango den gunea baita, adin eta maila askotarako aproposa izango dena”. Bestalde, espazio bakoitzaren ezaugarriak diseinatzeko kirol talde eta eragileek egin duten ekarpena azpimarratu zuen. “Talde ezberdinen arteko elkarlanaren garrantzia” ere nabarmendu zuen. Eta, horretaz gain, gunearen erreferentzialtasun eta kalitatea goraipatu zituen alkateak. Izan ere, inguruan ez dago azalera hau duen horrelakorik eta honek maila handiko txapelketak antolatzeko ahalmena emango dio Udalari.

Zumardia, Oriako Txirrindulari Eskola, Trial eskola eta Skater Taldea izan dira kirol parkea diseinatzeko hilabetetan zehar elkarlanean aritu diren taldeak, eta osteguneko ekitaldian Martinez de Rituertok eskertu egin nahi izan zien egindako ekarpena. Horrez gain, alkateak aurreko udal gobernua ere gogoan izan zuen. “Beraiek hasi zuten bidea eta aitortza eta eskertzea beraiei, kirol zinegotzia izan zen Joxe Mari Villanuevari, eta udal gobernua osatu zuten EAJri eta PSE-EEri. Horrez gain, kirol eta hirigintza sailei ere eskerrak eman egindako lanagatik” adierazi zuen. Egindako berritze lanei esker, beste hainbat berrikuntzez gain, kirol parkeko guneek aurrerantzean maila altuagoko erabiltzaileentzat ere izango dituzte guneak. Izan ere, Udaleko ordezkariek diotenez, aurrez kirol instalazioak zituen guneak berritu eta horien erabilera optimizatu eta indartu dira proiektu honen bitartez. Skateparkaren adibideak ondo islatzen du hori. Orain arteko kirol-instalazioa handitu da, eta elementu berriak gehitu zaizkio. Esate baterako bi pool edo bainuontzi izango ditu aurrerantzean gune horrek, eta sekuentzia bat eratu da arrapala, barriers, slide street, Fun-box eta bestelako elementuekin. Kirol taldeetako ordezkarien ustetan, “modu horretara maila altuagoko skater edo erabiltzaileek ere bertan ibiltzeko aukera izango dute, orain artekoa bitarteko maila edo skateboard munduan hasiberrientzat aproposagoa izan baita”. Aldaketarekin oso gustura eta pozik azaldu ziren kirol taldeetako kideak ostegunean, eta, Udaleko ordezkariek esandakoa indartuz, etorkizunean txapelketaren bat antolatzeko aukerekin itxaropen-tsu daudela ere baieztatu zuten. “Skatepark handia, osoa eta itxurosoa geratu zaigu behingoz. Espero dugu txapelketaren bat egitea, oraingo parkeak aukera hori ematen du”, azaldu zuen Gorka Lasa Skater Taldeko kideak.

Baina berrikuntza eta gune berrien sorrerez gain, proiektu berriak natura ikuspegia izan duela ere azpimarratu zuten osteguneko ekitaldian bertaratuek. Aurreko zein gaur egungo udal gobernuaren helburua gune berde bat sortzea izan da, diotenez. Berdegunea egokitu eta hiri altzariak ere jarri dira, elkargunerako eta aisialdirako espazio ere izan dadin. Horrez gain, Tolosa-Alegia arteko bidearen trazatu berria ere egin da. Horretarako, oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza bermatzeko bide berria egin da, 3,6 metroko zabalerarekin. Gunea berritzeko lanak ordea, behar baina denbora gehiago luzatu direla azaldu du Udalak. Pasa den urteko otsailean abiatu ziren kirol gune berria eraikitzeko lanak. Hasieratik, baina, obra egiteko ardura izan duen enpresak ez ditu hitzartutako epeak errespetatu. Hori dela eta, eta lanen amaiera beranduago egin dela ikusita, isuna jarri dio udalak enpresari.