Zein dira, labur-labur, legealdi honetan Gazterian sailan emandako aurrerapauso nagusiak?
Hasteko, aipatu behar dugu pasa den urteko martxoan Eusko Legebiltzarrak lehen Gazteria Legea onartu zuela. Lege honek hiru ardatz ditu oinarri: gazte-emantzipazioa bultzatzea, gazteria-sistema eta zerbitzu-sarea sendotzea, eta gazteen parte-hartzea bultzatzea gazteek politika publikoen inguruan duten ikuspegia kontuan hartzeko. Bigarren aurrerapauso garrantzitsua, berriz, gazteen emantzipazioa sustatzeko 2030 Euskal Estrategiaren onarpena izan da, pasa den martxoan. Estrategia honen helburua 28 urterekin emantzipatzeko batez besteko adina murriztea eta emantzipazio-tasa % 50eraino igotzea da. Horretarako, hamar trakzio-proiektu biltzen ditu, bost eremutan egituratuta: enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia.
Zein dira gazteen kezka nagusiak? Izan ere, partaidetzaren alorrean, Euskadiko gazteen aldeko itunaren inguruko galdeketa egin berri da, ‘Gazteok atreben-tziaz!’ izeneko prozesuaren barruan. Zein izan dira bertan jasotako gai esangura-tsuenak?
Urrian, partaidetza-prozesu horren lehen fasea abiarazi genuen, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin lankidetzan, Euskadiko gazteriarekiko eta gazteekiko itun bat egiteko. Itun hori Eman-tzipazio Estrategiaren parte ere bada. Ia 6.000 gaztek erantzun diote beren kezka nagusiak identifikatzea helburu duen kontsultari, eta aipatu dituzten gai nagusiak osasuna, osasun mentala eta sexu-osasuna (9,3); enplegua eta lan-baldintzak (9,2); hezkuntza, prestakuntza eta laneratzea (9,1); eta etxebizitza (9,0) dira. 2024ko lehen seihilekoan jarraipena emango diogu prozesuari, eta aurrez aurreko topaketak egingo ditugu bai gazteekin bai gazte-politiketan adituak direnekin, Ituna osatzen jarraitzeko.
Zein dira une honetan Gazteria sailaren lehentasunak?
Momentu honetan gure lehentasuna Emantzipazio Estrategian agertzen diren proiektuak bultzatzea da. Horien artean nabarmendu nahi ditut GAZ Emantzipazio zerbitzua eta Eman-tzipa programaren diru-laguntza berria. Baina badira bestelako lehentasunak, hala nola, administrazioen arteko elkarlana eta koordinazioa sustatzea, eta horren adibidea euskal administrazio guztiekin Gazteria Estrategia diseinatzeko hasi berri dugun prozesua da. Estrategia honek euskal administrazio publikoek gazteriaren arloan lehentasunak zehaztea, eta zerbitzuetan eta ekipamenduetan maila homogeneoak bermatzea du helburu.
Ildo horretatik, eta gazteen emantzipazioari bultzada emateko, hainbat urrats garrantzitsu eman dituzue dagoeneko. Duela gutxi, esate baterako, GAZ eman-tzipazio zerbitzua abiarazi duzue. Zer da? Zein zerbitzu eskaintzen ditu?
GAZ Emantzipaziorako zerbitzu berria emantzipazio-prozesua hasi nahi duten gazteei zuzendutako informazio eta laguntza-zerbitzua da. GAZ-ek behar duten informazio guztia emango die ikasketei, lanari, etxebizitzari edo Eman-tzipa Programari buruz, eta gazteen emantzipazio-ibilbidean lagunduko die, haien beharretara egokituz. Gai hauen inguruko kontsultak egiteko 646 10 91 26 whatsappa, gaz@euskadi.eus posta elektronikoa, edota GAZ komunitatea (gaz.eus) erabili ahal dute. Gainera, bulego-sare bat sortzen ari gara. Lehenengo bulegoa Bilbon ireki da, eta lanean gaude hiru lurraldeetako Udalekin sarea handitzen joateko.
Gazteen emantzipazioa bultzatzeko hilean 300 euroko zuzeneko diru-laguntza aurreikusten du Emantzipa Programak 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, eta eskaerak aurkezteko epea 2024ko otsailaren 20an zabalduko da.
Bestalde, etxetik alde egiteko diru-lagun-tzak ere jarriko dituzue martxan datozen hilabeteotan. Emantzipa Programa aipatu duzu. Nori dago zuzenduta eta zein baldintza bete behar dira laguntza jasotzeko?
Emantzipa Programak gazteen emantzipazioa bultzatzeko hilean 300 euroko zuzeneko diru-laguntza aurreikusten du, 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, emantzipazio-prozesu bat hasi dutenentzat edo hastera doazenentzat. Prestazio honen helburu zuzena gazteen emantzipazio-prozesuak erraztea edo sendotzea da, eta gehienez 24 hilabetez eskuratu ahal dute. Diru-sarrerei dagokienez, urtean 3.000 eurotik gorako eta 28.000 eurotik beherako diru-sarrerak izan beharko dituzte, edo 34.000 eurotik beherakoak, aitorpena ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera egiten bada. Eta ondasun, eskubide edo aktibo finantzarioei dagokienez, ezingo dira 75.000 eurotik gorakoak izan. Azkenik, emantzipatu egin direla egiaztatu beharko dute, etxebizitza libre baten errenta edo salerosketa-kontratua aurkeztuta. Ezin izango dute laguntzarik jaso alokairuko babes publikoko etxebizitza bat edo jabetzako babes publikoko etxebizitza bat duten gazteek, ez eta etxebizitzaz gozatzeak hilero diru egiaztagarririk ez badakar ere. Nabarmendu behar da Emantzipa Programako laguntza bateragarria izango dela lehendik dauden beste laguntza batzuekin, hala nola Gaztelagun programarekin, edo diru-sarrerak bermatzeko errentarekin.
Noiz eskatu ahalko dira?
Dekretua onartu ondoren, 2024ko deialdia bideratuko da, eta eskaerak aurkezteko epea 2024ko otsailaren 20an zabalduko da. Emantzipa Programaren 2024ko aurrekontua 53 milioikoa da, eta aurreikuspenen arabera, lehen urtean 15.000 gaztek baino gehiagok jasoko dute laguntza hori.
Aisialdiari dagokionez, ‘Astialdi hezigarria’ kanpaina aurkeztu berri duzue. Zein dira bere lan-ildo nagusiak?
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin eta Astialdia Sarearekin batera, gazteak eta familiak aisialdiko gune hezigarrietara hurbiltzera animatzeko kanpaina bultzatu dugu: Eman izena boluntario gisa. Apuntatu zuen seme-alabak astialdi hezigarriko espazioetara goiburupean. Gizartea gero eta aldakorragoa da, boluntarioen bizi-zikloak gero eta laburragoak dira; horregatik, beharrezkoa da balioa ematea eta ikusaraztea gazteak astialdi hezigarrian borondatez inplika daitezen. Kanpainaren bigarren helburua astialdi hezigarria eta boluntarioek euskal gizarteari egiten dioten gizarte-ekarpena ezagutaraztea eta ikusaraztea da, talde bakoitzaren nortasunetik abiatuta.
Bestalde, gazteentzako onura ugari (deskontuak, zozketak, doako sarrerak, eta abar) eskaintzen dituen Gazte-txartela digitala bilakatu da aurten. Zein abantaila izango ditu horrek?
Ekainetik Gazte-txartelak formatu digitalerako jauzia egin du NIK Patrika aplikazio mugikorraren bidez. Beraz, plastikozko txartela aldera batera utzi dugu, eta Gazte-txartela telefono mugikorrean eraman daiteke. Gaur egun, 14-30 urteko 300.000 gaztek baino gehiagok dute Gazte-txartela. Horren bitartez, 2.000 establezimenduren arteko lankidetzari esker, milaka gazte sar daitezke jaialdi, ikastaro, museo, jolas-parke edo dendetara, baldintza onetan. Gainera, beste autonomia-erkidego batzuk eskaintzen dituzten 80.000 abantaila baino gehiago eskuratu daitezke, baita European Youth Card (EYCA) programan parte hartzen duten Europako 38 herrialdeetan ere. Bestetik, Nazioarteko Aterpekide Gaztearen Txartela (Hostelling International) ere badu barnean, baita doako bidaia-asegurua ere.
2024. urtean Euskadiko Gazteok Lankidetzan programaren 30. edizioa egingo da, eta jadanik zabalik dago izena emateko epea, ezta?
Euskadiko Gazteok Lankidetzan programaren helburuak gazteak hegoaldeko herrialdeetako lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzea eta herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatzea dira. Horretarako, hiru hilabetetan zehar, besteak beste, hezkuntzarekin, berdintasunarekin, osasunarekin edo nekazaritzarekin lotutako Amerikako, Afrikako edo Asiako hainbat lankidetza proiektutan parte hartuko dute. Programan parte hartu ahal dute 22 eta 30 urteko gazteek, beti ere Euskadiko herrietako batean erroldatuta badaude eta proiektua garatuko den herrialdeko hizkuntza ezagutzen badute. Beharrezko diren profilak oso anitzak dira: begirale titulua duten pertsonak; mekanika, elektrizitatea, ingeniaritza, berdintasuna, magisteritza, psikologia edo erizain-tza ikasketak dituztenak; edo, adibidez, musika instrumentu bat jotzen edo janaria prestatzen dakiten pertsonak. Izena emateko epea dagoeneko irekita dago, eta otsailaren 14 amaituko da. Eskabideak www.gazteaukera.eus webgunean eskura duten formularioaren bidez egin behar da. Ondoren, Barriako aterpetxean (Araba), martxoaren 15etik 17ra egingo den hautaketa-prozesuan parte hartuko dute, eta gehienez, 100 pertsona aukeratuko dira, Amerikako, Afrikako edo Asiako zenbait herrialdetan proiektuak lantzeko.
Informazio gehiago
www.gazteaukera.eus webgunean eta Gazteaukerako sare sozialetan