Ahober zikloa antolatzea bururatu zitzaion Astigarragako Eragiyoki, ahots grabeen abesbatzari, lehenengo bost urtetako ekimenari itxiera bat emateko. Ekimen honekin, Eragiyok taldeak helburu bat lortu nahi zuen bere webgunean jasotzen denez: “Astigarragako eta Gipuzkoako kultura eskaintza handitzea, gutxiago landutako esparru batean, ahots berdinen taldeena”.

Gainera, beste jomuga bat ere lor-tzea ahalbidetuko du: ahots berdinen errepertorioa, Euskal Herriko eta nazioarteko egileen bitartez, lan-tzeko eta zabaltzeko egindako lanari jarraipena ematea.

Bost urteko ibilbide honetan, Eragiyok abesbatzak ahots berdinetarako egindako ehun obra desberdin baino gehiago abestu ditu, euskal egileenak izanik horietako laurogei.

Eragiyok abesbatzako lehendakariak, Javier Oyarzunek, gogorarazi duenez, “modurik onena ekimen berri bat sortzeko ziklo bat antola-tzea zela pentsatu genuen eta gure inguruan, Gipuzkoan, zein ziklo mota zeuden begiratzen egon ginen eta identifikatu genuen, gure ustez, hutsune bat zegoela ahots berdinen abesbatza zikloetan”. “Badaude ziklo orokorrak, talde instrumentalek ere parte hartzen dutenak; badaude ahots mistoak eta berdinen abesba-tzak nahastuta daudenak, baina ez genuen ikusi ahots berdinen ziklo bat zegoenik”, gaineratu du.

“Bost urte eta gero zerbait utzi nahi genion herriari eta gure inguruko kultura munduari”, laburbildu du lehendakariak.

Zikloa antolatzeko orduan, argi zuten ez zituztela soilik ahots grabeen edo gizonezkoen abesbatzak gonbidatuko. Honenbestez, programatutako hiru kontzertuetan, ahots zurien, emakumezkoen abesbatza bat; gizonezkoen abesbatza esangutasu bat, eta musika taldeekin egindako emanaldi bat atondu zituzten.

Ekainaren 3ko kontzerturako Bilboko Jatorki Ahots Zuriak abesba-tza gonbidatu zuten, iaz beraiekin harreman handia sortu zutelako.

Bigarren emanaldia urriaren 7an burutu zuten eta egun horretarako ingurutik atera eta Madrilgo talde bat ekarri zuten. “Izen handiko talde bat nahi genuen, sari asko lortutakoa, horregatik Coro de Voces Graves de Madrid GGC abesbatza gonbidatu genuen, 1995ean sortu zen eta 50 kide ditu”, gogorarazi du lehendakariak.

Zikloari amaiera gaur emango diote eta egun handi honetan Eragiyok taldea izango da protagonista nagusia eta Oiasso hari boskotearen eta Matías Segreras organo-jotzailearen laguntza izango du. Emanaldia 19.00etan Astigarragako elizan izango da. “Programa nahiko berezia prestatu dugu, aurten errekuperatu dugun Vicente Goikoetxearen Meza bat eta ia ezagutzen ez diren Gabon kantak ere izango ditugu”, adierazi du Oyarzunek.

Zikloaren harrerari buruz pozik agertu da lehendakaria: “Oso pozik gaude kanpotik etorri diren abesba-tzek zikloari egindako harrerarekin. Kritika onak jaso ditugu abesbatza horiek emandako mailarengatik eta abesbatza horien kantariek eta zuzendariek asko eskertu digute ekarri izana eta horrelako ekitaldi bat montatu izana. Alabaina, “egia da publiko aldetik nahiko genukeela beti jende gehiago gerturatzea eta hori izango da zikloaren hurrengo urteetarako erronka: urtez urte jende gehiago erakartzea”, onartu du.

Abesbatzak zikloa aprobetxatu du webgune bat (eragiyok.eus) martxan jartzeko eta bertan taldearen eta zikloaren informazioa jasotzen dira. Youtuben ere zikloaren bideoak jarri dituzte. Hortaz, sare sozialetan proiektu honek oihartzuna izan du.

Lehendakariak aditzera eman duenez, zikloa urtez urte antolatzeko bokazioarekin jaio da eta jadanik datorren urtekoa prestatzen hasi dira. Formatu bera izango du, hiru kontzerturekin, eta udaberrian aurkeztuko dute.

Ziklo hau posible izateko Eragiyok abesbatzak eskerrak eman nahi dizkio Astigarragako Udalari beregandik jaso duten babesa eta lagun-tzarengatik: “Proiektua azaldu genien momentutik laguntzeko prest azaldu zen”.

Udalaz gain Foru Aldundiko babesa eta Astigarragako eta inguruko enpresa txiki batzuen laguntza ere jaso dute. “Oso eskertzekoa da erakundeen eta enpresen laguntza, beraien ekarpenik gabe ezingo genukeelako kanpoko taldeen gonbidapena finantzatu”, azpimarratu du lehendakariak.

Gipuzkoako abesbatzen osasunaren inguruan hitz egiterakoan, Oyarzun ez da oso optimista: “Begiratzen baditugu Gipuzkoako Federazioko datuak, abesbatza gehienak mistoak dira eta batez ere ahots grabeetan dago krisirik handiena; ahots grabeen abesbatza gutxi daude eta abesbatza mistoetan ere gizonen falta dago. Gazte gutxi dago kantatzen”.

“Asko hitz egin da Euskal Herriaz, oso herri kantaria delako, baina paradoxikoki jendea falta da abesbatzetan. Lehen kantuan aritzea gauza soziala zen, baina gaur egun ohitura hori galdu da. Herriko abesbatzak sufritzen ari dira, belaunaldi erreleboa falta delako”, azaldu du.

Idorte honetan, Eragiyok iturri bat da: “2018ko udazkenean, aurretik kantuan genbiltzan lagun batzuk elkartu ginen eta proiektu berri bat hasteko gogoa genuen eta Errenteriako Gabon Kanta Lehiaketa Probintzialera aurkeztea pentsatu genuen. Oso ondo atera zen eta lehenengo saria irabazi genuen. Hori gertatu ondoren jarraitzea erabaki genuen eta abesbatza sortu genuen”.

Abesbatzaren etorkizunari buruz baikor ageri da, taldearen erdiak 40 urte baino gutxiago dituelako. Honela, 20 abeslariek dagoen ondarea berreskuratzen jarraituko dute. l