Síguenos en redes sociales:

Hernaniko Energia Bulegoa berriz ere martxan

Doako aholkularitza emango die herritar eta enpresei

Hernaniko Energia Bulegoa berriz ere martxanN.G

Iazko lehenengo proban izandako arrakasta ikusita, Hernaniko Udalak Hernaniko Energia Bulegoa berriz ere irekitzea erabaki du. Hortaz, atzotik, eta urte osoan zehar, herritarrei zein enpresei emango die aholkularitza inongo diru saririk gabe.

Aztertuko diren gaiak faktura energetikoa, komunitate energetikoa eta bazkidetza, dirulaguntzak, birgaitze energetikoa, teknologia berriztagarriak, eraikinen eraginkortasun energetikoa edota zaurgarritasun energetikoa izango dira. Hezkuntza eta sentsibilizazio lanak ere sustatuko dira bertatik.

Hernaniko Energia Bulegoa Burujabetzen Etxean (Iturola, Florida 28) dago kokatua. Arreta aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa edo e-mailez izango da. Horretarako, astearte eta ostegunetan goiz eta arratsaldez egongo da zabalik 10.00etatik 13.00etara eta 15.00etatik 18.00etara ,eta asteazkenetan goizez. Derrigorrezkoa izango da aldez aurretik txanda hartzea (e-maila: energia@hernani.eus eta telefonoa: 943 337 022).

Esan bezala, iaz sei hilabetez egon zen zabalik Energia Bulegoa, Udalaren eta Enherkomen arteko elkarlanari esker. Tarte horretan, 444 herritarri eman zitzaien zerbitzua. Datuek erakutsi dute Hernanin energiaren inguruko kezka eta aholkularitzaren beharra badagoela.

Herritar gehienek faktura energetikoari buruzko kontsultak egin zituzten, baina izan ziren eraikinaren eraginkortasun energetikoari, komunitate energetikoari edota teknologia berriztagarriei buruzko kontsultak ere.

Emandako aholkularitzari esker, herritar horien artean gasaren eta elektrizitatearen fakturan 300.000 euro aurreztu dutela kalkulatu da.

Aurrerantzean Energia Bulegoa udal zerbitzua izango bada ere, Enherkomekin elkarlana sustatzen jarraituko da, baita Hernaniko energia komunitatea zabaltzen jarrai-tzeko lanean ere.

Merkataritza

Bestalde, aurten Hernaniko merkatari eta ostalariek euren kontsumo energetikoa hobetzeko eta faktura ere errealitatera doitzeko egitasmo pilotua sustatu dute Udalak eta Enherkomek.

Urtean zehar, mota ezberdinetako merkataritza eta ostalaritzako bederatzi establezimenduren kontsumo energetikoaren azterketa egin da eta euren kontsumoa optimizatzeko aholkularitza jaso dute, Enherkomen eskutik. Horrela, 18.000 euro aurreztu ahal izan dute (kopuru osoaren %23,95).