Larunbatean Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko egunarekin bat egin zuten Euskal Herriko zein eskualdeko herri ezberdinek, eta Berastegin herritarrek sortu duten emakume talde berriaren aurkezpena egin zuten goizean herriko plazan eginiko agerraldian. Emakume talde berri honen ordezkariek larunbatean azaldu zutenez, “berdintasunaren alorrean urratsak ematen jarraitzeko asmoz” sortu dute taldea. “Kolektiboki aurrera egiteko elkargune bat izango da, gogoeta eginaz, esperientziak eta konplizitateak elkar trukatuz, ekintza desberdinak antolatuz... etab.” adierazi zuten.
Beraientzat, eta noski, etorkizuneko berastegiarrentzat gizarte parekideago baten aldeko borroka egitea “oso garrantzitsua” dela aldarrikatu nahi izan zuten. “Beharrezkoa ikusten dugu zurrunbilotik atera eta, hausnartzeko nahiz ekiteko, leku seguru bat izatea, ikusten ez dugunaz jabetzeko, ikusten eta bizitzen dugunaren aurrean pausoak emateko, eta zergatik ez, adin ezberdinetako emakumeen arteko sareak ere osatzeko”, baieztatu zuten.
Taldea guztiz irekia izango dela, eta “nahi duen emakume orok tokia izango duela” ere nabarmendu nahi izan zuten aurkezpenarekin amaitzeko.