Abian da Hondarribian tokiko merkataritzari laguntzeko kanpainaren edizio berri bat, Euskadi Bono Denda ekimenaren barruan. Abenduaren 5era arte, herritar bakoitzak 10 euroko bost deskontu-bonu erabiltzeko aukera izango du hainbat dendetan, 30 euro edo gehiagoko erosketetan. Horretarako, NANa aurkeztu beharko du, besterik gabe.

Maria Carrera Amuitz Hondarribiko Dendariak Elkarteko presidenteak esan duenez, “merkatariei oso ondo datorkigun kanpaina da, baina bezeroentzat ere oso kanpaina ona da, eta, beraz, guztiok irabazten ateratzen garela uste dut”. Hori dela eta, herritarrak atxikitako establezimenduetan erosketak egin di-tzaten animatu nahi izan ditu.

Hondarribian 53 saltokik parte hartu dute kanpaina honetan, eta horien izenak www.euskadibonodenda.eus webgunean aurkitu daitezke.

Igor Enparan alkateak nabarmendu duenez, “herriko komertzio txikiek herria biziberritzen dute, bizia eragiten dute, eta tokiko merkatari- tzaren garapenari bultzada ematen dio. Gainera, kanpaina neguko garai ilun hauetan egiteak bere eragina izango duela uste dugu”. Enparanek “komertzio txikiak bizirik mantentzea denon artean egin beharreko zerbait dela gehitu zuen.