Gau Beltzari hitzordu berriak gehitu dizkiote Andoaingo talde eta eragileek, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak suspertuta eta Udalak lagunduta. Iazko arrakasta ikusita, aurtengo egitarauari ekitaldi berriak gehitu zaizkio herritar guztien gozamenarako.

Hasteko, 18.15ean txokolate beroa eta bizkotxoak banatuko ditu Batzokiak Goikoplazan. Doakoa da, eta bertaratu besterik ez da egin behar horretarako jarritako mahaira. Guztiek jateko modukoa izango da, baita glutena hartzen ez dutenentzat ere. Gainera, txalaparta, antzezlan laburra eta Urki dantza taldearen saioa izango dira bertan.

19.15ean Akerrak Okerrak kalejira Goikoplazatik abiatuko da, Kale Nagusian barrena, Etxeberrieta plazarantz.

Ordu berean beldurraren pasabidea zabalduko du Irunberri elkarteak bere egoitzan. Doakoa da, ilara jarraitu besterik ez da egin behar. Gaztain erreak eskainiko dituzte ere.

20.00etan talo-jatea izango da Etxeberrieta plazan.

Gauean, 21.00etan zezen-suzkoa izango da Etxeberrieta plazan. Azkenik, Lebiton konpartsako saioarekin amaiera emango zaio aurtengo ospakizunari.

Lasarte-Orian, Halloween

Bestalde, Lasarte-Oriako Sasoeta auzoan, bertako bizilagun elkarteak Halloween ospatuko du. Hainbat ekitaldi antokatu ditu herri guztiari zuzenduta. Guztiak doakoak izango dira eta ez da inongo izen-ematerik behar parte hartzeko.

Arratsaldean gaztelekuko areto polibalentea hasiko da. Han izuaren pasartea egingo da 17.30etik 20.30era, sei eta hamalau urte bitarteko gazteentzat.

Izuaren igarobide hau lau gelatan banatuta egongo da, eta bertan benetako pertsonaiak eta panpina animatronikoak aurkituko dituzte.

Sarrera dohainik izango da, eta adin-tarteetan antolatuko da, igarobidea eta haren sustoak adin horietara egokitzeko.

Halaber, 17.30ean hasi eta 19.30ak arte, gaztelekuaren aurrean bi karpa jarriko dira, makillaje beldurgarriko eta zauri izugarrietako tailerrak egiteko, sei eta hamalau urte bitartekoei zuzenduak.

Sasoeta Sasoian elkarteak hilerri bat prestatuko du San Martzial plazan, kearekin eta lainoarekin girotua, eta hitzeman dute sorpresak izango direla bertan. Familia guztiei zuzendua da eta 18.00etatik 21.00etara bisitatu ahalko da.