Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatu da Erratzu poligonoan dagoen Jauregi Aizkorak tailerrera bisita. Ekintza gaur soilik egin behar zen, baina jendearen jakin-mina piztu duenez, bihar beste bisita bat eskainiko du. Izen-ematea itxita dago. José Ramón Jauregi urnietarra gaur egun Euskal Herrian dagoen artisau aizkoragile bakarra da.

Nola suertatu zen aukera Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzeko?

- Urnietako Udaleko Kultura arduraduna etorri zen eta esan zidan jardunaldi hauetan parte hartzeko aizkora interesgarria izan litzatekeela. Larunbat batean hitzaldi bat emango nukeen galdetu zidan eta nik baiezkoa eman nion.

Lehenengo aldia al da zure lana talde bati aurkeztuko diozula?

–Urtero ikastolako kurtso bateko umeak tailerrera etortzen zaizkit, baina helduekin taldean egitea nire-tzat nobedade bat da. Egia da tailerrera jende asko etortzen zaidala galdezka, kanpotarrak ere bai, Estatu Batuetakoak, Argentinakoak edo Mexikokoak adibidez, eta azalpen bat edo beste ematen diet. Baina hau lantegi bat da, ez museo bat, eta asteburukoa aukera bat da inoiz etorri ez den jendea lan hau ezagutzeko.

Nola ematen dute zurekin hain urrutitik datorren jendea?

–Internetengatik. Hori beste mundu bat da. Aizkorak bakarrik egiten ditugunak oso gutxi gara Europa mailan, aizkora egiteak bere konplexutasuna daukalako. Gaur egun ni naiz Euskal Herrian aizkorak bakarrik egiten duen bakarra. Orain saltokietan aurki daitekeen aizkora guztia txinatarra da eta txapuza bat da, material txarrekin egina.

Zer azalduko diezu hitzaldira etorriko direnei?

–Nik aizkorak egiten ditut eta aizkoran zentratuko naiz. Harrizko, burnizko eta orain egiten den altzairuzko aizkorei buruz mintzatuko naiz. Aizkora zertarako erabiltzen den ere azalduko dut eta jendeak sorpresa hartuko du aizkora zenbat tokitan erabiltzen den jakitean. Aizkoraren formez ere hitz egingo dut. Amai-tzeko, nire asmoa da sutegian aizkora bat forjatzea nola egiten den erakusteko.

Zuk zein motatako aizkorak egiten dituzu?

–Alde batetik aizkora arruntak esku batekin heltzeko, bi eskuekin erabiltzen diren aizkorak mozteko eta gero aizkora handia lehertzeko. Gero ere apustu aizkorak egiten ditugu. Haragia mozteko aizkorak ere egiten ditut eta hauek herdoilgaitzak izan behar dute. Gero egoten dira gauza bat edo beste kapritxoz egiten ditudanak, baina %95 izaten dira aipatu ditudan aizkora mota horiek.

Apustu aizkoraz mintzatu zara eta hilabete honetan Nerea Arruti urnietarra nagusitu da Euskal Herriko aizkolari txapelketan. Zure aizkorak erabiltzen ditu?

–Urnietarrek beti izan dugu kalekumeen fama, Donostia ingurukoak garelako. Nereak apustutan nire aizkorak erabiltzen ditu eta Julen Gabirondok ere, pentatloian txapelduna izan denak. Aurten, behin gertatu ez dena lortu du: aizkolarien Euskadiko lehendabiziko mailan arituko den lehen urnietarra da.

Aizkoralariek eskakizun bereziak dituzte?

–Apustu aizkorak oso gauza berezia dira, aizkolari bakoitzak badu bere tokea. Orain dela 50 urte arte apustuan ibiltzen ziren aizkolari guztiek nire aitak egindako aizkorak erabiltzen zituzten, gero australianoak etorri ziren eta gureak baino hobegoak ziren beste batzuk ekarri zituzten, beste kirten eta material batekin. Duela urte batzuk ni hasi nintzen antzeko bat aldaketa batzuekin egiten eta jendea oso gustura dago, geroz eta gehiago saltzen da.

Familiatik datorkizu ogibide hau?

–Aurten kalkulatu dut 95 urte bete direla nire aitona aizkorak egiten hasi zela, bera amezketarra zen eta Urnietara etorri zen. Gero nire aitak jarraitu zuen eta orain nik. 66 urte egin ditut, baina ez dut erretiroan pentsatzen. Ni jubilado activo izango naiz. Agian pistoia jaitsi beharko nuke eta kapritxozko gauza gehiago egin. Erraza da esaten, baina ez dakit gai izango naizen, niretzat aizkorak egitea droga bat bezala delako. Oso ondo sentitzen naiz hemen eta nire-tzako hau disfrute bat da.

Bizitza guztia aizkorak egiten pasa duzu?

–Maestria Industriala ikasi nuen eta soldaduzka 20 urterekin amaitu nuenean lana eskaini zidaten lantegi batean, baina ezetz esan nuen. Gaur egun erabaki berdina hartuko nuke. Aizkorak beti dauka erronka berri bat, sorpresa bat materialekin edo formarekin. Mundu bat da.

Zein da topatu duzun azken erronka hori?

–Nire burutik pasako ez zitzaidan gauza batekin nabil. Urdaiazpikoa mozteko aizkora bat eskatu didate, labanakin moztu ordez. Aizkora mehe-mehea izan beharko du, oso berezia da. Kapritxoz ari naiz diseinatzen. Hori laneko orduetatik kanpo egin behar dut. Lehenbizi lana bete behar dut, hemendik bizi naiz eta. Erderaz esaten den moduan [ekoizteko modu hau] son habas contadas; ezin dituzu gaur hamar aizkora egin eta hurrengo egunean 40, tope bat daukazu zure ordutegian eta hemen ez da orain jarri nahi duten zazpi orduko lanaldia. Hemen hamabi ordu ematen ditut eta gero etxera joaten naiz eta 00.00ak arte korreoak eta gutunak erantzuten egoten naiz.

Harrobirik ba al dago?

–Momentu honetan ez, baina inoiz ezin duzu ezezkorik esan.