Udazkeneko Musika Zikloaren 37. edizioko lehen kontzertua Urretxu eta Zumarragako Goiargi abesbatzak egingo du. Urriaren 29an Garaizarko Matsorriak abesbatzak abestuko du, azaroaren 5ean Filipinetako Musicalipa abesbatzak eta azaroaren 12an Azkoitiko Iraurgik. Kontzertu guztiak San Martin de Tours elizan izango dira, 19.00etan.

Goiargi abesbatzak aurten prestatutako kantak abestuko ditu. Ana Belen Garcia organo-jotzailearekin batera abestuko dute. Garcia Donostiako Santa Mariako organo-jotzaile titularretako bat da. Kontzertuak hiru zati izango ditu eta erdikoa a capella abestuko dute.

De Haan, Paulus, Scarlatti, Fagertun eta Makor konpositoreen lanez gain, euskal musikariek sortutako kantak abestuko dituzte: Elberdinen Ubi caritas et amor, Artzeren Martxa baten lehen notak, Sarasolaren Uso zuria, Itoizen Lau Teilatu, Elorrietaren Itsasoa gara eta Laboaren Baga, biga, higa.

Urriaren 29ko kontzertua Bilboko Garaizarko Matsorriak abesbatzak egingo du. Gizonezkoen abesbatza da. 1987an sortu zen, Begoñako errepublika zaharreko Garaizar auzoan. Errepertorio zabala dute: euskal folklorea, bilbainadak, musika erlijiosoa eta nazioarteko abestiak. Bilbon urtean zehar antolatzen diren ekitaldietan abesten dute eta Euskal Herritik kanpo ere abestu dute: Katalunian, Frantzian, Suedian, Italian eta Espainian, besteak beste.

Azaroaren 5ean Filipinetako Musicalipa Chamber Choir abesbatzak abestuko du. Abesbatza horrek Tolosako nazioarteko lehiaketan abestuko du.

Bukatzeko, azaroaren 12an Azkoitiko Iraurgi abesbatzak abestuko du. Abesbatza hau 1979an sortu zen eta Alemanian, Suitzan, Frantzian, Austrian, Italian, Txekian eta Portugalen abestu dute, besteak beste.