Kirol Astea antolatu du, beste behin, Oiartzungo Udalak herriko beste elkarte eta klubekin elkarlanean. Urriaren 21etik 27ra eta azaroaren 14an burutuko da eta ekimen honen helburua jarduera fisikoa eta osasuna erdigunean jarri, sustatu eta kirolaren beste alde ba-tzuk bistaratzea da.

Horretarako, zortzi eguneko egitarauan adin-tarte guztietarako 18 ekintza ezberdin prestatu dituzte. Kirol modalitate berriak probatzeko aukera, solasaldiak, topaketak, aurkezpenak eta dokumentalak egongo dira, besteak beste. Doakoak izango dira denak, baina ekintza batzuk plaza mugatuak dituztenez, aldez aurretik izena eman beharko da.

Omenaldia

Egitarauan txertatutako ekimenen artean, urriaren 27an burutuko den omenaldia azpimarratu behar da. Aurten Alex Bargalló judo irakasleak jasoko du Oiartzungo VIII. Kirol Saria Landetxen 19.00etan burutuko den ekitaldian. Omenaldia irekia izango da, baina aforoa mugatua denez gonbidapena hartzea gomendatu dute, sarrerak.oiartzun.eus helbidean edo Landetxeko leihatilan, ohiko ordutegian.

Duela lau hamarkada hasi zen Bargalló Oiartzunen judoa eskolaz kanpoko jarduera gisa irakasten, Elizaldeko Guraso Elkarteak proposatuta.

1983an sortu zuen Elizaldetarrak Judo Elkartea. Hasieratik oso ongi funtzionatu zuen eta 50 haurrek eman zuten izena lehen urtean. Haurtzaro ikastolak ere planteatu zuen judoa ematea eta bi ikastetxeetako ikasleak jasotzen hasi zen elkartea. Ordutik urtero-urtero handituz joan da judoa praktikatzen duten ikasle kopurua. Orain arteko bide luzean 2.250 ikasle izan ditu eta 160 kide ditu gaur egun Elizaldetarrak elkarteak.

“Judoaren bidez hezkuntza fisikoan eragitea izan da bere helburua. Ehundaka izan dira 40 urte hauetan zehar bere lanari esker judoa ikasi duten oiartzuarrak eta jakin du judoarekiko duen pasioa denei kutsatzen”, adierazi dute Udaletik. Hortaz, bere ibilbidean egindako lan honengatik guztiagatik omendu nahi izan dute Oiartzungo Udalak eta herriko kirol elkarteek Bargalló.

Gogora ekarri dutenez, 2016an hasi zen Oiartzungo Udala kirol arloan egindako ibilbidearengatik, lortutako emaitzengatik edo herrian kirola sustatzen egindako lanarengatik nabarmendu diren oiartzuarrak omentzen.

Apirilean ireki zuen aurtengo saria jasotzeko hautagaiak proposatzeko epea. 23 proposamen ezberdin jaso ziren eta hautagai horien artean Bargalló omentzea erabaki zuen UKABek, herriko kirol elkarteetako ordezkariak eta Udala biltzen dituen Kirol Aholku Batzordeak.