40 urteko ibilbidea bete du aurten Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) Elkarteak
1983ko azaroaren 29an eratu zen ofizialki Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) Elkartea; izenak dioen gisan herrian euskara bultzatzeko eta sustatzeko sortutako taldea, Orduko hartan euskarak bizi zuen egoera zaila iraultzeko helburu irmoarekin sortu zen. Aitzindariak izan ziren zeregin horretan. Eta zailtasun askori aurre egin behar izan dieten arren, lau hamarkada hauetan lan handia egin da esparru askotan, Arrasate euskalduntzeko xedearekin. Beraz, badago zerbait ospatzeko. Egindakoarekin harro sentitzeko eta haratago joateko.
Ekainean egindako erakusketaren ondoren, kultura eta jaia ardatz izango dituen ekintzaz betetako egitaraua prestatu dute urtemuga ospatzen jarraitzeko asmotan. Urritik abendura arte bazkarrizketa, literatura emanaldi musikatua, dokumentala, hitzaldia eta azken jaia izango dira herritar guztien gozamenerako.
Antolatu dituzten ekintzei Ni eta nitarrak bakarrizketaren estreinaldiarekin emango diete hasiera hilaren 22an. AEDren enkarguz Maria Oses arrasatearrak idatzitako lana da, “arrakasta helburu duen jendarte honetan txarto moldatzen den pertsonaia” batean oinarritutakoa. Iholdi Beristain aktoreak gorpuztuko du “arrakasta ezaren aurrean, mediokritatearen xarma deskubritu eta hartaz gozatzen ikasten ari den pertsonaia hori”, adierazi zuen AEDko lehendakari den Eñaut Muxikak. Ikuskizuna Juan Arzamendi Musika Etxearen taula gainean aurkeztuko da datorren igandean (19.30ean) eta, hortik aurrera, Euskal Herriko beste zenbait agertokitan izango da ikusgai. Sarrerak salgai daude www.arrasate.eus webgunean, zazpi euroren truke.
Hurrengo hilabetera begira, “puntako sortzaileak” dituzten hiru proposamenekin gozatzeko aukera egongo da. Batetik, literatura eta musika uztartuko dituen emanaldia eramango dute oholtza gainera azaroaren 3an. “Joseba Sarrionandia eta Joxe Mari Iturralde idazleek, Anne Etchegoyen abeslariak, Iñar Sastre musikariak eta Olatz Prat kazetari eta musikariak parte hartuko dute ikuskizunean”, zehaztu zuen Muxikak. Saioa Juan Arzamendi Musika Etxean izango da, 19.30ean hasita, eta sarrerak udal webgunean eskura ditzakete AEDko bazkideek eta Goinakideek, zazpi eurotan. Halaber, urriaren 20tik aurrera edonork erosi ahal izango ditu, hamar euro ordainduz.
Azaroaren 8a, aldiz, gogoetarako baliatuko dute Kulturateko areto nagusiak hartuko duen proiekzio eta solasaldiaren eskutik (19.00etan). Lehenik, Lanarteak – Euskararen Langile Profesionalen Elkartea– ekoiztutako Loreak belaunetan: kulturaren zazpi ahots gazte dokumentala proiektatuko dute, eta, ostean, euskal sortzaileen egoeraz eta lan baldintzez gogoeta egingo dute, Eneko Barberena arrasatearrak gidatuta, Lanartea elkarteko Amagoia Gurrutxagarekin eta aipatutako dokumentalean agertzen den Oihana Aranarekin batera.
Hitzaldi musikatua, azken jaia...
Azaroko azken saioa Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok? hitzaldi musikatua izango da, Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak eskainiko dutena, hilaren 23an, 19.00etatik aurrera. Udal euskaltegian (Kulturola) elkartuko dira, eta sarrera doakoa izango den arren, aurrez izena ematea komeni da, aed@aedelkartea.eus-era idatzita. “Hainbat galdera erantzuten saiatuko dira, esaterako: Nola kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria? Zein eragin izan dute idazle eta musikarien artean sortutako kantek euskaldunon imajinarioan?”, azaldu zuen Olatz Dorronsorok.
Ospakizunak azken jaiarekin itxiko dira abenduaren 2an. Festa horren xehetasunak aurrerago emango dituzten arren, “aurreratu dezakegu goizetik gauera egongo dela zerekin gozatu. Tartean, baba-jana Uarkape pilotalekuan, umorez eta musikaz borolbiduta”, esan zuen Nerea Zugastik.
Eta hau gutxi balitz, eta egitarautik harago, aipatzekoa da Euskaltzaleen Topagunearen hirugarren kongresua Arrasaten egingo dutela azaroaren 18an. Zugastiren esanetan, “AEDrentzat ohorea da euskara elkarteen mugimenduaren hurrengo urteetarako bide-orria zehaztuko den kongresua herrian hartzea, zer eta elkartearen 40. urteurrenean”.