Tolosako Udalak jakinarazi duenez abiatu da Tolosako hiri-ekonomia indartzeko diru laguntzen deialdia, aurrekontuen aurkezpenarekin eta kurtso hasierarekin batera. Aurtengoan, Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, “107.500 euro bideratuko dira herriko merkataritza jarduerari lotutako zerbitzuak, eta ostalaritza edo turismo sektoreko jarduerak sustatzeko helburuarekin”. Aste honetan bertan aurkeztu den hiri ekonomia indartzeko planak bi laguntza lerro nagusi jasoko ditu, Tolosako Udaleko gobernukideen esanetan. “Belaunaldien arteko negozioen elkartrukerako Berriz Tolosa programak 37.500 euroko diru-poltsa izango du; beste 50.000 euro banatuko dira negozio berriak abian jar- tzeko Ekin programaren barruan. Gainerako 20.000 euroak, Berriz Tolosa programan erosketarako eta Ekin programan erosketa eta birgaitze lanetarako bideratuko dira” azaldu dute.
Aste honetan plana aurkezteko egindako prentsaurrekoan Aitor Agirresarobe Murgi Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Azokak Saileko zinegotziak baieztatu zuen “laguntzen helburua dela merkataritza, zerbitzu, ostalaritza eta turismo esparruetako jarduera ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna sustatzea” eta horretarako Udalak “enpresa ekimen berriak abiarazi eta lokal hutsak dinamizatu” nahi dituela baieztatu zuen.
Berriz Tolosa proiektuak negozioen eskualdaketa bermatzea du helburu nagusitzat. Agirresarobek azaldu duenez, “Eusko Jaurlaritzak sustatzen du eta Gipuzkoako Merkatarien Bazkundea arduratzen da kudeaketaz. Udalak, berriz, negozioa garatuko den lokalaren alokairu edo erosketa gastuak diruz laguntzen ditu”. Ekin proiektua aldiz, ekintzaileei laguntza emateko bideratuta dagoen proiektua da. Plan honen barruan jasotako laguntza proiektu ekintzaileren bat martxan jartzeko emandako laguntza lokala birgaitzeko edota alokairu-erosketa gastuetarako bideratu beharko da.
Diru-laguntza hauek eskatu ahal izateko aukera zabaldu du jada Udalak. Eskaerak urriaren 14ra bitarte egin ahal izango dira. Eskaerak aurrez aurre edo erregistro elektroniko bidez egin daitezke, eta laguntza programa bakoitza eskatzeko dagozkion eskaera orria eta dokumentazioa aurkeztu beharko dira. Izan ere, Udaleko ordezkariek azaldu dute “diru laguntza lerro bakoitzak baldintza zehatzak jasotzen dituela” eta hauek eskuragarri daudela tolosa.eus webgunean, tramiteak atalean.