Josu Iztueta bidaiariak 40 urte egin ditu bidaiak antolatzen. Bidaiatzen jarraituko du aurreran- tzean, antolaketa atzean utzi eta beste modu batean bada ere.

Hamaika bidai egin dituzue munduan, eta zailtasun ugari pasako zenituzten urte guzti hauetan. 40 urte atzera egingo bazenu, bide bera aukeratuko zenuke?

–Bai, dudarik gabe. Bizitako zailtasun eta kezka guztien gainetik nabarmen- tzen dut beti aukeratutako bizimodua izan dudala. Askotan gauzak ez dira nahi bezala atera izan, baina nahi genuelako bizi izan gara modu honetan, eta oso aberasgarriak izan dira bidai guztiak. Erosoena izan ez den arren, beti gustuko izan dut beti nire egunerokoa.

Bizimodu honen hautua egiteak bestelako ate asko itxi al dizkizu?

–Orokorrean ez. 40 urtetako bidean beti hartzen dituzu hartu beharko ez zenituzkeen erabakiak, baina horrek ere ikasketa prozesu moduan balio du. Askatasuna izan dut beti nire bidea aukeratzeko, hori da garran- tzitsuena. Nahi gabe ere ihes egin behar dutenen bidaiak dira gogorrak, ez gureak.

Jende askoren oporraldiak zure esku egon dira urte askotan. Beldur eta kezkak ere izango zenituen momentu askotan.

–Bai, izan dira zenbait tentsio momentu. Bidaia antolaketarekin hasten zaren momentuan hasten da, eta oso garrantzitsua da aurreikuspen egokiak egitea. Zer gerta liteken pentsatu eta arazoen aurrean erantzunak azkar aurkitzeko gaitasuna ere irabazi dut urteei esker. Baina, ez nuke nire lana besteena baino zailagoa dela esango. Edozein ogibide duenak izaten ditu arazoak egunerokoan.

Zenbait elkarrizketetan esan izan duzu jakin minak egin zaituela bidaiari. 40 urtetako ibilbidearen ostean, asetu al da jakin mina?

–Jakin mina ez da sekula asetzen. Geroz eta toki gehiago ezagutu, jakin mina handiagoa izan da beti. Leku fisikoak ezagutu baina, leku horietako jendea eta kultura ezagutu nahi izan ditut nik beti.

Bidai mordoa egin dituzu, baina beti aurkitu duzu etxera bueltatzeko momentua.

–Bai, beti gustatu izan zait etxera bueltan etortzea. Kanpoan izan naizen arren, ez dut inoiz Euskal Herriko egunerokoaren haria galdu. Egoera politiko eta sozial gogorren garaian ere, egunerokoa asko jarraitzen nuen urrutitik eta sekulako mina sentitzen nuen gertatzen ari zena ikusita. Orain teknologiei esker errazagoa da urrutitik ere hemengo haria ez galtzea. Zenbaitek badiote munduko biztanle direla, baina nik beti nabarmentzen dut harrotasun handiz Euskal herritarra naizela.

Azkenaldian gazteekin ere egin dituzu zenbait bidai. Zer moduzko esperientzia izan da hau?

–Beti ibili izan naiz gazteen munduaren baitan. Gazteekin bidaiatzeak garaian garaiko termometro moduan balio duela esango nuke. Ez dira berdinak nire generazioko 14 urteak eta gaur egungo 14 urteak, eta diferen- tziak nabarmenak diren arren, esperientzia beti da oso aberasgarria.

Bidai antolatuak amaitu dituzu. Zein da orain asmoa?

–Osasuna dudan bitartean, bidaiek jarraituko dute. Bezeroekin antolatutako bidaiak amaitu dira, baina aukera dudan bitartean, lagunekin bidaiak egiten jarraituko dut. Gaztetan sasoidunak ginen, baina urteak betetzen goazenean, osasunak lagundu behar gaitu bidaiatzen jarraitu ahal izateko.