Ekainaren amaieran ahate edo piruen parkeko urmaelean egin zen isuria dela eta, Udalak egoeraren kudeaketa nola egin den ezagutarazi nahi izan du.

Isuria gertatu zen bezain pronto, udaleko agintari eta teknikarien arteko lanketa estua martxan jarri zela adierazi dute. Aldi berean, egoeraren berri eman zitzaien URA agentziari eta Txingudiko Zerbitzuak elkarteari ere, inguruko ur emarieri kalterik ez eragiteko asmoz.

Behin arriskuak saihestu zirela frogatu ahal izan zenean, egoera normaltasunera itzultzeko aukerak aztertu zituzten Udaletik. Aukera horien artean zikindutako ura kamioi zisternekin atera ordez, hiri saneamenduaren bitartez egitea erabaki zen. Horretarako, isuriaren laginak laborategi batera eraman eta aztertu egin ziren, eta emaitzek urak kutsagarriak ez direla ondorioztatu duten bezain laster egin da ura ateratzeko eta urmaela garbitzeko lanketa.

Beharrezkoak ziren urrats administratiboak eta prestaketa teknikoak egin ondoren, Udal langileak Txingudiko Zerbitzuetako langileekin batera, ura erretiratu, urmaela garbitu eta urez bete dute.

Aldi berean, ekainean izandako isuriaren eragina Udalarentzat lan karga garrantzitsua eragiteaz gain, kostu ekonomiko bat ere izan duela azaldu dute. Hain zuzen, lanen aurrekontuak 3.244,59€ko kostua izango du.

Azkenik, Udaletik hirian zehar inolako isuririk detektatzen bada lehenbailehen Udalean jakinaraztea, neurriak lehenbailehen har daitezen, eskatu dute.