Errenteriako udal ordezkariek, 2023ko madalenetako programaren aurkezpen ofiziala egin zuten atzo herriko plazan. Aditzera eman zutenez, gaur hasiko dira banatzen bai egitaraua eta baita poltsikorako bertsioa ere.

Banaketa udaletxeko arkupetan egingo da 10.00etatik 13.00etara. Programa ere eskuratu ahalko da Lekuona Fabrikan, Galtzarabordan, Fanderia eta Beraungo kirol instalazioetan eta gainontzeko udal eraikinetan. Herriko auzo elkarteei ere eskaini dizkiete egitarauak eurek bana ditzaten. Horrez gain, Oarso aldizkariarekin ere banatuko dute. Guztira, 9.400 ale argitaratu dituzte paperean.

Digitalean, berriz, herribizia.errenteria.eus/madalenak helbidean izango da egitarau osoa.

Agerraldian, aurtengorako ondutako musika programazio zabalari egin zion erreferentzia Maite Gar-tziak, Kultura zinegotziak, eta prestatutako kartela erakutsi zuen. Neomak, Sega Sound killers, Janus Lester, Bengo, Oihan Vega, Liher, Los Zopilotes Txirriaos, Reincidentes, Kai Nakai eta Sonakay izango dira emanaldi izarrak, baina horiekin batera, musikarekin beste hamaika emanaldi izango dira bost egunetan.

Aizpea Otaegik, alkateak, madalenekin lotura zuzena duten hiru balio nabarmendu zituen: partaidetza, zaintza eta konpromisoa.

Azaldu zuenez, jaiak eragile eta norbanako ugariren esku-hartzearekin antolatzen dira, inongo erasorik gabeko jaiak izan behar dute eta konpromisoaren erakusle aurtengo omenduak dira. Izan ere, aurtengo txupinazoa tokiko Gurutze Gorriak eta Juneren Hegoak elkarteak botako dute, biek zaurgarrienen alde edo babesa behar dutenekiko lan egiten dutelako.