2023ko maiatzaren 25an berrien bitartez jakinarazi genuen aurtengo txupinazoa Juneren Hegoak eta Gurutze Gorriak botako dutela. Ezin da ukatu bi elkarte hauek urtero egiten duten lanaz, ezta merezia dutela ikusgarritasuna eta aitortza izatea aurten eta urtero ere. Hau esanda eta honekin ados egonda, nire ondoeza adierazi nahi dizuet.

Aurten, jakingo duzuen bezala, Touring K.E.-k ekitaldi desberdinak bideratu ditu ilusio osoz. Lehengo urtetik lanean dabiltza kide, bazkide eta talde honen istorioaren parte izan diren pertsona ugari. Aurten, 100 urte egin ditu elkarte honek eta erraz esaten den arren, elkarte hau jaio zenetik borroka handia egin da, pertsona askoren izerdi, malko eta esfortzua suposatu duena.

Urte guzti hauetan, aldaketa asko izan ditugu bidean. Talde txiki batetik hasita, ilusio osoz handitzen joan da elkarte hau. Azken urteetan, herriko ehundaka eta ehundaka ume hazten ikusi ditugu futbol eskolatik hasita goiko mailetara iritsi arte. Proiektu honek milaka pertsona hartu ditu barne, beraien onena emanez urtetik hasieratik amaiera arte, elkartetik hoberena atera nahian.

Uztailak 21, txupinazo eguna, egun handia da Oreretako herritar eta ingurukoentzat. Guretzako, egun aproposa izango litzateke Touring Elkartearen istoriarengatik egindako ekintza guztien bukaera bezala. Udaletxearen aldetik, hau espero nuen eta nire ondoeza adierazteko bidaltzen dizuet idatzi hau. 100 urte ez dira urtero egiten, aurtengoa zen gure urtea. Gaur egun borrokan gaudenengatik, orain dela 100 urte elkartea sortu zutenengatik, eta denbora guzti honetan proiektu honen parte izan diren pertsona guztiengatik.

Amaitzeko, azpimarratu nahi dut beharrezkoa iruditzen zaidala Juneren Hegoak bezalako elkarte guztiak aintzat hartzea egunero egiten duten lanagatik. Horregatik, Touring K.E. -Barakaldo partidan, ohorezko sakea egiteko gonbidatuak izan ziren, partidu hartara hurbildu ziren zaleen aurrean omenaldia eginez.

Bihotzez espero dut idatzi hau baliagarria izatea etorkizunean gogoeta gehiago egin dezazuen gure herrian urtero hainbeste pertsona hunkitzen dituzten jaiei hasiera emateko ohorea izango duen pertsona, elkarte edo talde bat aukeratzeko garaian.

Jaso dezazuela agur bero bat.

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali