Euskal kulturaren inguruan gogoeta egiteko asmoz antolatu ohi du Sormenetik izeneko saioa Galtzaundik urtero udaberrian eta udazkenean. Pasa den larunbatean, Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean ospatu zen saioan Mirua eta Verde Prato musikariak izan ziren protagonista Eneritz Furya musikari irundarraren gidaritzapean.

Ekimen honetan kultur espazio ezberdinak gune berean batu eta herritarren proiektu ezberdinak ezagutzera ematen dira. Larunbateko ekitaldian Mirua taldea izan zen protagonistetako bat. Maitane Iruiñ, Malentxo eta Mattin Zeberio tolosarrek 2019an osatu zuten musika taldea eta euskal musika sortzen jarraitzen dute gaur egun. 2021ean, Gaztea maketa lehiaketako harrobia saria irabazi zuten.

Verde Prato aldiz, Ana Arsuaga musikagile eta margolariaren bakarkako proiektua da. Euskal kanta herrikoi eta ezagunak XXI.mendeko folklorea eta teknologia garaikidearekin uztartzen ditu. Adoretua izeneko albuma argitaratu du aurten.

Solasaldian, euskararen inguruan hausnartzeaz gain, emakume sor- tzaileen garrantziaz edota arteak gizartean duen eraginaz aritu ziren elkarrizketatuak. Protagonisten musikaz ere gozatu ahal izan zuten bertaratuek.