Bi-Tartean merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteak irudi berria du. Herritarrek irudiak aurkeztu zituzten, epaimahaiak bi aukeratu zituen eta bezeroek Ibon Elgarresta Segurola zumarragarrarena hautatu zuten. Ostiralean eman zuten jakitera irudi berriaren egilearen izena.

Izan ere, ostirala egun handia izan zen Urretxu eta Zumarragako merkatarientzat: Merkatariaren Eguna ospatu zuten, bezeroekin batera. Dendak eta kaleak apaindu zituzten eta merkatari bakoitzak eguna bezeroekin nola konpartitu erabaki zuen. Batzuk modu berezian apaindu zuten dendaren kanpoaldea, beste batzuk mokadutxo bat eskaini zuten edo zozketaren bat egin zuten…

Iluntzean, dendak itxi ondoren, merkatari guztiak Urretxuko Iparragirre plazan elkartu ziren. Bertan, mokadutxoa egin zuten eta taldeko argazkia atera zuten.

Sinplea eta erakargarria

Irudi berriari dagokionez, Elgarrestak logo “sinplea” egiten saiatu dela esan du. “Urrutik ezagutzeko modukoa izatea n ahi nuen. Etzandako B horrek bi herrien arteko lotura irudikatzen du eta azpiko marra zubi azpitik pasatzen den erreka da”.

Elgarrestak Diseinu gradua egin zuen Bartzelonan eta Iruñako institutu batean lan egiten du.