Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek egitarau zabala prestatu dute hitzordu borobil bat ospatzeko igande honetan Usurbilgo plazan: Sagardo Egunaren 40. edizioa.

Ohi bezala 11.00etan botatzaileen argazkia aterako dute eta 11.30ean postuak zabalduko dira eta baserriko zein sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera egongo da. Honetaz gain, pintxo aukera zabala ere prestatuko dute. Goiza amaitzeko botatzaileen lehiaketa ere izango da eta guztiak 15.00etan elkartuko dira bazkarian.

Arratsaldean, 17.00etatik 20.00etara Matraka Elektrotxaranga kaleetan zehar ibiliko da.

Jai honek aldaketak eragingo ditu trafikoan. Ohi bezala, herriko sarrera nagusia, Oxtapen, itxita egongo da ibilgailuentzat, goizeko 10.30ean hasi eta iluntzera arte.

Horrez gain, Donostia-Zumaia eta Usurbil-Hernani lotzen dituzten autobus guztiak San Inazio kaleko beheko biribilgunean geldituko dira egun guztian.

Aldi berean, kaxkoan, ohiko mozketak izango dira, oinezkoei lehentasuna emanez. Hortaz, kotxea ahalik eta gutxien hartzeko gomendatu du Udaltzaingoak.

Bestalde, Emagin elkarteak indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko du Sagardo Egunean, Udalaren eskariz. Mikel Laboa plazaren goiko aldean jarriko dute, 18.00etatik 23.00etara. Gunearen helburua da jai giroan ere indarkeria sexistaren gaia ikusaraztea eta herritarrek kontzientzia hartzea. Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen.

Azpimarratu dutenez, indarkeria sexistaren gaia ikusarazteaz eta kontzientzia hartzea bultzatzeaz harago doa Emaginek eskainitako zerbitzua. Babes eta elkartasun gunea izango da, indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentziazko leku izateko bokazioarekin.

Guneak, horrez gain, erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasorik balego erantzuna izango duela ohartaraztea ere badu helburu.

Emakumeen ahalduntzeari begira, euren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea eta plazerrean oinarritutako harreman osasuntsuak bultzatzea ere landuko dute.

Horretarako, era askotako materiala eskainiko dute indarkeria sexistarik gabeko gunean. Emagineko kideek nabarmendu dutenez, gunearen publiko hartzailea hamabi urtetik gorakoa da.