Usurbilgo Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioan bizitzeko onartuen eta baztertuen zerrenda behin betikoa da jada, Udalak alegazioak ebatzi ostean. Hurrengo urratsa etxebizi-tzak esleitzea izango da, ostegunean egingo den zozketa publikoaren bidez. Potxoenean izango da, 12.00etan, eta interesa duen edonor joan daiteke bertara.

Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, ostegunean gazteen etxebizi-tzak zozkatuko dira soilik, jaso diren eskaerak plaza kopurua baino handiagoa delako. Adinekoen kasuan ez da berdin gertatu eta onartutako lau eskaerek zuzenean lortuko dute bere apartamentua.

Guztira, Txirikordan bizitzeko 30 eskaera izan dira: 24 gazteen kolektibokoak eta sei helduen kolektibokoak. Alegazioak ebatzita, gazteen kolektiboan 22 eskatzailek izango dute Txirikordan bizitzeko aukera, eta helduen kolektiboan, lauk. Gazteei dagokienez, herritar baten eskaera baztertua izan da, eta beste baten kasuan, eskaera onartua izan arren, esleipen prozesuan jarraitzeari uko egin dio.

Helduen kasuan, seitik bi eskaera ez dira onartuak izan. Hala, 65 urtetik gorako kolektiboarentzat gordetako zortzi etxebizitzatatik lau beteko dira, eta beste hiru erreserban utziko dira, aurreragoko beharretarako. Ondorioz, helduei bideratutako etxebizitza bat gazteen kolektiboari gehituko zaio: guztira, bederatzi etxebizitza bideratuko dira, beraz, gazteen kolektibora.

Esan bezala, zozketa publikoan gazteen etxebizitzak zozkatuko dira: bederatzi esleipendunak zeintzuk diren eta zein etxebizitza egokitu zaien jakingo da. Etxebizitza baino eskatzaile gehiago dagoenez, itxarote zerrenda ere osatuko dute, etxebizitzaren bat libre geldituko balitz, zerrenda horretara jotzeko. Helduen kasuan, etxebizitzak baremazioaren arabera esleituko dira.

Zozketan esleipendun suertatzen direnen izaera, dena den, behin-behinekoa izango da. Zozketaren ostean, behin-behineko esleipenen zerrenda argitaratuko da, talde bakoitzetik bana, hurrenkera eta esleitutako etxebizitzak adieraziz, eta alegazioak aurkezteko beste hamar eguneko epea irekiko da.

Alegazioen tartearen ostean, behin betiko izaera hartuko dute, eta beste etapa bat zabalduko da: Txirikordara bizitzera joan aurretik, elkar ezagutu eta elkarbizitzarako eta funtzionamendu egokirako saioak egingo dituzte, Zabalduz kooperatibaren laguntzarekin.