Roberto Rodanes margolari urretxuarrak Sinbologia propioa erakusketa ireki du bere herriko Juan de Lizarazu aretoan. Bere lanak hilaren 28ra arte egongo dira bertan.

Rodanes mutikotan hasi zen margotzen. “Bruguera argitaletxeko komikiak irakurtzen nituen eta horrek marrazketara eraman ninduen. Hamahiru urterekin Felix Vaqueriza margolariaren eskolan izena eman nuen eta gustatu egin zitzaidan. Nire aurrerapenak eta ikaskideenak ikusten nituen. Ikaskideen eskutik ere asko ikasi nuen. Ondoren, kolorearekin, olioarekin… hasi nintzen. Ezagutu beharreko unibertso berri bat azaldu zen nire aurrean. Hainbeste gustatu zitzaidan, non Leioara joan nintzen Arte Ederrak ikastera. Diseinu grafiko eta industrial espezialitatea egin nuen”.

Plastika irakaslea izan zen. “Gaitasun pedagogiko ikastaroa egin nuen eta plastika irakaslea izan nintzen. Bigarren Hezkuntzako institutuetan lan egin nuen, Valladoliden eta Zamoran. Bide hori utzi nuen eta ordutik artearekin zerikusirik ez duten lanetan aritu naiz, baina ez diot sekula margotzeari utzi”.

Bere obra figuratiboa da. Urretxuko erakusketak lau atal ditu: hiri paisaiak, pertsona taldeak, panpinadun bisioak eta marrazkiak. “Azkenekoan transparentziak erabiltzen ditut elementu bisual bezala. Lau atalek elkarren arteko lotura dute eta oniriko izendatzen ditudan konposizioak sortzen dituzte. Eguneroko errealitatean ohikoak diren elementuei sinbologia pertsonala gehitzen diet, sinbologia propio horretatik abiatuta mundu berri bat sortzeko”.

Bere lehen erakusketa da. “Lanak denbora asko kentzen dit eta, gainera, niri gustatzen zaidana nire tailerrean lan egitea da, ez egindako lana erakustea. Lagunek bultzatu naute erakusketa egitera. Egia esan, ilusioa egiten dit”.

Erakusketan saritutako lan batzuk ikus daitezke. “Urretxuko erakusketan Irungo eta Urretxu eta Zumarragako lehiaketetara aurkeztutako lanak ikusi ahal izango dira. Urretxu eta Zumarragako lehiaketan bi sari lortu ditut, Y en el principio era el verbo eta Los fantasmas del consumismo lanekin”.