Nola landatu zuen bere hazia txalapartak Arrasaten? Hogeita hamar urte daramatzate Arrasateko Ttakun taldeko kideek txalapartaren hotsak han eta hemen zabaltzen. Egurrean makilak astin-tzen. Hiru hamarkada geroago, lekukoa emanez egin den lanari esker, etorkizunari begira jarraitzen dute helburu berarekin: belaunaldi berriei erakutsi eta Euskal Herriko altxorra den txalapartaz gozatuko duten gazteak erakartzea.

Kepa Altube eta Igone Kazalis Bilboko gaztetxe okupatu berri batean hasi ziren instrumentua jotzen 80ko hamarkadan, eta han ikasitakoa herrira ekarri zuten. 1993an Ttakun taldea sortu zen Nagore Iraola, Arantzazu Uriarte eta Leire Aperribairen eskutik. “Harrezkero, kontaezinak dira eskainitako saioak, izandako lokalak, emandako ikastaroak, eta modu batera edo bestera, taldearen ondoan izan direnak. Euskal Herriko txalaparta festa guztietara joaten ziren Arrasateko txalapartariak”, gogoratzen dute elkarteko kideek.

Beste musikari batzuekin egindako kolaborazioak ere ezin dira ahaztu: Gurea gaztetxean RIP eta MCD taldeen kontzertu batean; 1991n Hertzainak taldearen 564 abestian txalaparta-doinuak sartu zituzten, edo Euskal Herritik kanpo emandako emanaldiak (Errioxan, Huescan, Leonen, Burgosen, Fresnesen, Berlinen…).

Indartu eta egonkortu

2013an, aldiz, taldea indartzeko eta egonkor-tzeko asmoarekin Ttakunkide figura jarri zuten martxan. Azkar eman zituen fruituak. “Urte hartan lehen txalaparta festa antolatu zen, eta hurrengo bi urteetan iritsi ziren Mendiparta eta Txotxparta ekimenak”, azaldu dute.

Ibilbide oparo hau ospatzeko 30 urtez enbor beretik lelopean egitarau berezia antolatu dute. Atzo Iturrieta sagardotegian egindako lehen ekitaldiaren ondoren, bigarren hitzordua maiatzaren 6an, 13an eta 20an izango da, Kulturolan eskainiko duten ikastaroarekin (informazio gehiago 646 296 023 telefonoan). Maiatzaren 27an, ordea, Udalatxera igoko dira, eta uda partean txalaparta festarekin girotuko dute herria.