SukaldAnitzak egitasmoaren lehen saioa duela bi aste egin zuten Goierri kirol elkartearen egoitzan. Bertan jaiotakoek eta etorkinek elkarrekin kozinatu eta bazkaldu zuten, hobeto elkar ezagutzeko. Dilista egosiak, antxoak arrautza-irinetan eta sagar errea jan zuten.

Hogei bat pertsona elkartu ziren: Nikaragua, Honduras, Venezuela, Peru, Maroko, Senegal, Pakistan, Kuba, Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Donostian jaioak. Oihana Merino teknikariak “giro polita eta alaia” izan zutela aipatu du. Hausnarketarako tartea ere izan zuten eta amaieran parte-hartzaile guztien herrialdeetako musikak entzun zituzten Youtuberen bitartez.

Bigarren saioa larunbat honetan izango da. Oilasko kuskusa eta postre pakistandarra prestatuko dituzte. Martxoaren 11n, berriz, lekak patatekin, haragi egosia eta arrozesnea kozinatuko dituzte. Bukatzeko, martxoaren 25ean Limako kausa, paisar erretilua eta ogi opila prestatuko dituzte.

Ekimen honetan nahi duten guztiek parte har dezakete. Izena emateko, 693 900 568 zenbakira deitu behar da.

Jabetze eskola

SukaldAnitzak ez da egunotan antolatu den gizarte arloko ekimen bakarra. Urola Garaia Mankomunitateko Berdintasun arloak jabetze eskolako udaberriko egitaraua aurkeztu du. Urte guztian egiten diren ekintzez gain, zazpi tailer egingo dira: Erabaki-tzeko boterea, Tapiza zurezko uztaian, Batukada feminista, Idazketa feminista tailerra, Fruitu heldua anitz goxoagoa, Amatasun bizigarriak, Emakumeentzako yogaterapia eta Emakumeak mugimenduan.

Tailer gehienak emakumeen etxean egingo dira (Urretxuko Pagoeta auzoan), baina mankomunitate mailako jabetze eskola denez, bat Ezkio-Itsason egingo da eta beste bat Legazpin. Batukada feminista Ezkio-Itsason egingo da eta Emakumeentzako yogaterapia Legazpin.

Tailer hauetan 16 urtetik gorako Goierri garaiko emakumeek parte har dezakete. Izena emateko, 943 252 389 telefono zenbakira deitu daiteke edo jabekuntzaeskola@gmail.com helbide elektronikora idatzi.