Biziola kooperatibarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Urola Garaian ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekosistema kooperatiboak sustatzeko proiektua jarri du martxan Uggasa garapen agentziak. Egitasmoak UG Koop du izena. Lehen saioa abenduan izan zen, UGLE lanbide eskolan, Ikasleei, etorkizuneko langile eta ekintzaileak diren heinean, ekonomia sozial eta kooperatiboaren balioak azaldu zizkieten.

Hurrengo hilabeteotan, herritarren interesa piztu dezaketen hainbat alorretako proiektuak ezagutzera emango dituzte. Egitasmoak Asteazken Kooperatiboak du izena. Urtarrileko saioa etzi izango da. 18.00etatik 19.30era, Zumarragako kultur etxean, kultur arloko hiru proiektu emango dituzte ezagutzera. Katakrak Iruñeko liburudenda, kantina, argitaletxe, ekitaldi areto, topaleku… bat da. Hamasei laguneko asanblada batek hartzen ditu erabakiak. Kulturaz Azpeitian kultura susta-tzeko kooperatiba herritarra da. Kultur ikusgarritasuna, sormena eta transmisioa lantzen dituzte, besteak beste. Horretarako, hiru gune kudeatzen dituzte Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea.

Aiaraldea Ekintzen Faktoriari dagokionez, bere eskualdean komunikazioa eta euskara sustatzeko sortu zen.

Otsailaren 22ko saioa elikadura burujabetzari buruzkoa izango da, martxoaren 22koa basoen kudeaketari buruzkoa, apirilaren 26koa merkataritzaren ingurukoa eta maiatzaren 24an Urola Garaiko ekonomia sozialeko enpresen topaketa egingo dute.