Kulturaz kooperatibak, Azpeitiko Udala eta herriko hiru ikastetxeekin batera, Txinaurriak proiektua abiatu du azken hilabeteotan. Egitasmo honen bidez, azaroa eta abenduan zehar 200 ikasle baino gehiagok sormen tailer batean parte hartu du.

Kulturaz kooperatibak sorreratik kultur ikusgarritasuna ez ezik, sormena eta transmisioa ere lantzea izan du xedetzat. Bide horretan, lehendik egiten ziren ekimenak indartzera dator orain Txinaurriak. Azpeitiko ikasleei kultur sormenera gerturatzeko aukera luzatzea, ikasleengan modu desberdinean eragiteko bitartekoak eskaintzea eta ikasle kulturzaleak, parte har-tzaileak, kritikoak eta sortzaileak heztea dira proiektuaren helburuetako batzuk.

Modu honetan, herriko ikasle guztiei eskaintzen zaien programa da, hiru ikastetxeetan banatuta. Ikaslea hezkuntza arautuan dagoen urteetan zehar lau eremuetatik (hitza, gorputza, soinua eta irudia) pasa eta bakoitzean gutxienez esperientzia bat biziko du.

Antzerki-meditazioa

Lehen blokea ikasturte honetako azaroaren 25a eta abenduaren 2a bitartean burutu da. Azpeitiko hiru ikastetxeetako DBH 3ko ikasleek Kamikaz, Horman Poster, Metrokoadroka eta Tripak kolektiboek gidatutako antzerki-mediazio eta sentsibilizazio tailerretan parte hartu dute.

Era berean, ikasturte honetan Batxilergoko, Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikasleek ere jasoko dituzte hitzaren, irudiaren eta soinuaren eremuetako tailerrak, hurrenez hurren.

Txinaurriak nahiz bestelako proiektu eta dinamikak kontuan hartuta, azken urtebetean herriko mila haur eta gaztetxo inguruk parte hartu dute Kulturazen proiekturen batean.