Haurren eta nerabeen gurasoei zuzendutako hitzaldi zikloa antolatu du Astigarragako Udaleko Euskara eta Hezkuntza sailak. Ikasturte honetan, gainera, Foru Aldundiaren laguntza izango da hainbat hitzaldi antolatzeko, Treba Gurasoak programari esker. Azarotik maiatzera, hilero saio bat eskainiko da. Guztira, zazpi hitzaldi izango dira; punta-puntako trebatzaileen eskutik. 

Aurtengo lehenengo hitzaldia azaroaren 24an izango da, 17.00etatik 18.30era, Erribera kultur etxean, sexu-heziketari buruzko trebatze saio batekin ekingo zaio programari. Eider Goiburu gizarte psikologo eta sexu-hezitzaileak eskainiko du Zer egin dezakegu gure haur eta nerabeek sexualitate aske eta osasuntsu bat izan dezaten? izeneko hitzaldia. Plazerean, zaintzan eta ongizatean oinarritutako sexualitatea garatzen laguntzeko gakoak eskainiko ditu Goiburuk euskaraz.

Hitzaldian parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. 943 335 064 telefonoan edo euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus helbidera idatzita. 

Astigarragako Udalak, Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, ondu du 2022-2023 ikasturteari begirako programa. Gainera, programa diseinatzerakoan, arreta berezia jarri nahi izan da haurren eta nerabeen bueltan sortzen ari diren problematikei. Hala, gazteenen garapen integralean mugarri diren hiru esparru jorratuko dira: sexu-heziketa, ingurune digitala eta haurraren garapena eta adimen-emozionala.

Duela zenbait ikasturtetik hona, elkarlanaren bidetik, Udalak eta Astigarragako Herri Eskolako Gurasoen Elkarteak familiei zuzendutako hitzaldiak antolatu dituzte. Askotariko gaiak jorratu dira, betiere familien kezka eta interesetan oinarritzen saiatuz. Oraingo honetan ere galdetegi bat zabaldu zen Gurasoen Elkartearen bitartez, jakiteko zein gai landu nahiko lituzketen gurasoek eta zein ordutegi iruditzen zitzaien egokiena.

Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza ekimena da, eta gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi kalitatea eta aukerak hobetzea ditu helburu.

Programa honen baitan, hiru hi-tzaldi saio eskainiko dira 2022-2023 ikasturtean. Horietako lehena, datorren azaroaren 24koa.