Hirugarrenez, Gau Beltza antolatu du hilaren 31ko ilunabarrerako Orereta ikastolak, herriko hainbat eragilerekin batera. Festa 19.30ean abiatuko da Santa Klara kaletik eta, herriko hainbat karriketatik pasa ostean, ordubete beranduago, Lehendakari Agirre plazan amaituko da “sorpresaz betetako bidea”, antolatzaileen hitzetan.

Orereta ikastolak, Lau Haizetara, Amulleta danbor kofradia, Ereintza dantza taldea, Herri Arte Eskola, Urdaburu mendizale elkartea, Kontari abesbatza eta Zituene eragileen laguntzarekin burutuko du Kalabazaren Bidea.

Kalabazaren gurdiarekin, Kuiandererekin, trikimako gaineko orekariekin, dantzan zein musikaz eta kriseilu nahiz lastargien argipean bilduko dira plazan, mozorrotuta. Uzta garaia agurtu eta neguan sartzeko ekitaldia da. Ikuskizunaren ondoren, suzko zezenarekin, Beldurren Eltzean izuak errez eta kalabaza pastelak janez bukatuko dute festa.

Gau Beltzan parte hartzeko modu asko daude: Kalabazaren Bidea osatuz, etxeko trapu eta arropa zaharrarekin mozorrotzeko deia egin dute; kalabaza pastelak eginez, 19.00etan jasoko dituzte Lehendakari Agirre plazan; beldurrak paper batean idatziz Beldurren Eltzean erretzeko; edota inguruak eta etxeak apainduz.

Mikroipuinak

Gau Beltza eta Euskararen Eguna lotzeko helburuarekin, ikastolak IV. Beldurrezko (Mikro)ipuin eta Ikus-entzunezkoen lehiaketa antolatu du. DBHko herriko ikasleek eta 16 urtetik gorako edozein herritarrek parte har dezake. Lanak abenduaren 2ra arte aurkezteko epea dago. Oinarriak ikastolako webgunean daude. – A. Muga