Igande honetan berriro garai bateko usadioetan eta ohituretan murgilduko da Ataun. Izan ere, Jentilbaratza Kultur Elkarteak VI. Ohitura Zaharren Eguna antolatu du nahi eta helburu hori egia bihur dadin.

Aurtengo edizioan, 50, 60 eta 70garren hamarkadak irudikatuko dira eta herriko danda, taberna eta komertzioak izango dira gai nagusi. “Garai hartako Ataun hura ekarri nahi dugu gogora”, adierazi dute Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideek.

Goizeko 11.00etatik 14.00tara bitartean, makina bat ekitaldi garatuko dira: ganadu erakusketa; belarra kablean; herritarren barazki eta produktuekin postuak: barazkiak, gazta, frutak, eztia, gaztiñak, etab; komertzioak ikusgai garai batean zeuden moduan; garaiko eskola; gailu zaharren bilduma; argazki zaharren erakusketa; herri kirol erakustaldia; erromeria; talogileak; umeen jolasak; auto zaharrak; San Martingo eliza ikusteko aukera; eta txistulariak, trikitilariak, bertsolariak, kantu poteoa, besteak beste.

Egunak garai bateko benetako giroa izan dezan, Jentilbaratza Kultur Elkarteak ataundarrei lehengo erara jantzita joateko deia egin die.

Deialdi berria zabalik

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak 2023ko Barandiaran Beka deialdia ireki du, Euskal Herriko Antropologia-Etnologia arloa lantzea helburu nagusi izango duena. Horren baitan, Euskal Herriko bizimoduak zein euskal kulturaren alderdi ezberdinak aztergai dituzten askotariko gaiak jorratu ahal izango dira.

Bekan interesa dutenek datorren azaroaren 30era arte izango dute euren proposamenak bidaltzeko aukera. Bekaren zuzkidura 10.000 eurotakoa izango da eta urtebeteko epean garatu beharko du proposatutako proiektua irabazleak. Beka lortu duen proiektua zein den abenduaren 31a baino lehen erabakiko du epaimahiak, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eratuko duena.

Jose Migel de Barandiaran Beka Eusko Ikaskuntzak sortu zuen 1980an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Diputazioekin elkarlanean. Sorreratik, xede nagusia izan da Euskal Herriko Historiaurre-Arkeologia eta Antropologia-Etnografiarekin zerikusia duten lanei bultzada ematea. “Odurtik hona lortu diren emaitzak oso aberatsak izan dira”, deritzote sortzaileek.