Europako Mugikortasun Astearekin bat egin du aurten Beasaingo Udalak eta, horren baitan, hainbat eskuartze egin ditu udalerrian mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuz.

Txirrinduaren erabilera indartzea izan da Udalaren xedeetako bat: “Desplazamenduak modu jasangarrienean sustatzeko tresna da txirrindua eta honen erabilera errazteko baliabideak indartzen jarrai-tzea garrantzitsua da”. Horregatik, txirrinduaren erabilera errazteko aparkaleku berriak kokatu eta lehendik daudenak konpondu ditu udał gobernuak. Txirrinduak uzteko 80 plaza berri sortu dira orain arte zeuden batzuk indartuz, birkokatuz eta zenbait kasutan berriak jarriz.

Horretaz gain, orain Igartzan dagoen totem itxurako egitura bezalako beste bat kokatuko da Ezkiaga auzoan. Txirrinduen konponketak eta mantenu lan arruntak egin ahal izateko tresneriarekin hornituta egongo da. “Ekimen hauekin, desplazamenduak burutzeko modu jasangarrienak sustatuz, beasaindarren bizi kalitate hobea bermatzea eta klima aldaketari aurre egitea dira helburu nagusiak”, azaldu du Beasaingo Udalak.

Bestalde, txirrinduen eta oinezkoen arteko harremana egokia eta segurua izan dadin, Senpere merkatal zentruaren eta Zaldizurretako biribilgunearen artean espaloia birmoldatzeko lanak gauzatzen hasi dira. Elektrizitate banatzaile batek egin behar zituen hoditeri lanak baliatuz, Udalak bertako zoladura eta honen diseinua birmoldatzeko aukera aprobetxatu du. “Irisgarritasun legearekin bat, ezinbestekoa da espaloietan 2m-ko gutxieneko zabalera bermatzea, baina orain arteko espaloiaren diseinuarekin baldintza hauek ez ziren bermatzen. Ondorioz, sarritan oinezkoak bidegorria inbaditu beharrean aurkitzen ziren istripu bat sortarazteko suposatzen duen arriskuarekin. Horretaz gain, bertako maldak bultzatuta, asko ziren gehiegizko abiadura gainditzen zuten txirrindulariak”, ezagutarazi du Udalak.

Zorua egiteko hormigoi inprimatu akabera bat erabili da orainarteko labainkortasun baldintzak hobetu eta, duen erliebearen bitartez, txirrinduen abiadura moteltzen laguntzeko helburuz.