Azkoitiko Kultur Elkarteak eta Udalak euskara eta literatura indartu eta sortzaileei aukera bat eskaintzeko helburuekin elkarlanean antolatzen duten Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren 41. edizioa abiatu dute.

Urtero bezala, sariketa 18 urtetik gorakoei zuzenduta dago eta parte hartu nahi dutenek urriaren 31ra bitartean aurkez ditzakete okasiorako prestatutako lanak udaletxean (epaimahaiak abenduaren 17an hartuko du erabakia).

Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren oinarrietan jasotakoari eutsiz, “euskaraz idatzitako ipuinak aurkeztu beharko dira, gutxienez lau eta gehienez hamar orrikoak”. Era berean, lanek “originalak eta inon argitaratu edota saritu gabekoak” izan beharko dute.

Epaimahaiak 1.600 euro banatuko ditu sariketara aurkeztutako hiru lan onenen egileren artean. Irabazleak 700 euro eramango ditu etxera, bigarren sailkatuak 500 euro eta hirugarren postua eskuratzen duenak 400 euro.