Azkoitiko EH Bilduk neurri zehatzak proposatu ditu “batez ere errenta gutxien duten pertsonen bizi-kalitatea bermatzeko”. Neurri horien artean koalizioak “garrantzitsuak” ikusten ditu tasak eta zergak arautzen dituzten ordenantza fiskalak.

Hori dela eta, EH Bilduk “harriduraz” hartu du Udal Gobernuak 2023ko tasa eta zergak izozteko egin duen proposamena. Hori egitea “arriskutsua” iruditzen zaio: “Udal gastu arrunta goraka doa eta kontratazio eta obra ezberdinetan prezioak ere goraka doaz. Hori guztia horrela, Udala gaitasun ekonomikoa galtzen ari da izozte baten bitartez”, dio koalizioak.

Bere ustetan, krisi garai batean “populismoak alde batera utzi eta arduraz jokatzea eta progresibitatean sakontzea” tokatzen da, “gehien duenak gehiago ordainduz gutxien duenak gutxiago ordaintzeko”.

Horregatik, EH Bilduk bost proposamen luzatu dizkio Udal Gobernuari: Tasa eta zergak %1,5 igotzea “herritarrei kalitatezko zerbitzu eta lagun-tzak eskaini ahal izateko”; etxebizitza hutsen gainean %150eko errekargua OHZ zergan jartzea “egun dauden etxebizitza arazoei erantzuteko eta gehien dutenek esfortzu handiagoa egiteko”; energia iturri berriztagarriren batetik datorren energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten etxebizitzetarako %50eko hobaria aplikatzea OHZn; kotxe zahar eta kutsagarrienek ibilgailuen zergan duten hobaria kentzea; eta Lehiaketa eta oposizioetako tasan salbuetsitako kolektiboak zabaltzea.