Azkoitian, San Juan bezpera honetarako prestatutako egitarau berezia 19.45ean abiatuko da, Kandiola taldeko eta Bizkargi musika eskolako dantzariek Txalkor taldeko txistulariekin batera Balda plazan eskainiko duten dantza eta musika ikuskizunarekin (denak 19.15ean elkartuko dira Gaztaneneako parkean eta 19.30ean kalejiran aterako dira Balda plazaruntz).

Horren ondoren Udal Musika Bandaren kalejira egongo da eta 22.00etan Azkoitri triatloi taldeko eta Maxixatzen euskara elkarteko kideek sua piztuko dute Balda plazan. Ekitaldi horretan Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak, Parrokiko abesbatzak eta Musika Bandak parte hartuko dute; eta amaitzerakoan Bizkargi musika eskolako dantza taldeak XII. Zatoz Dantzara Balda Plazara emanaldia eskainiko du.

Azpeitian ere 22.00etan egingo dute San Juan bezperako ekitaldia. Aurtengoan Juan de Antxieta musika eskolak eta Luis Beltza dantza suelto eskolak elkarlanean antolatutako ikuskizun batekin disfrutatzeko aukera izango da herriko Plaza Nagusian. Udaletik aurreratu dutenez, aurtengo su ekitaldia "tradizioan oinarritutako musika eta dantza ikuskizuna" izango da.

Aurreko egunotan giroa berotu ondoren, Urrestildarrak igandera arte luzatuko diren San Juan jaietan murgilduko dira gaur. Hasteko Lore sorta tailerra izango da 18.00etan eta horren ondoren festei hasiera ofiziala emateko pregoia eta suziria (21.00etan). Hortik aurrera, herri afaria, San Juan zuhaitza sartzeko ekitaldia (00.00etan), Urrestillan arrakasta handia duen eta suaren bueltan egiten den dantzaldia (00.30ean) eta Laket taldearekin erromeria izango dira.

Edonola ere, Urrestillako jaiek bihar jarraituko dute. Hasteko herriko txistulari eta trikitilarien diana egongo da eta horren ondoren Azpeitiko Musika Bandaren kalejira (11.45), buruhandiak (13.00), Iago Magoren emanaldia (17.30), Gazte afaria (21.00) eta No Place, Fan&Go eta BassAgain taldeen kontzertuak (22.15).