- Asteburu honetan Erdi Aroko Azoka egongo da Hondarribian. Aurtengoa oso edizio berezia izango da; izan ere, azokak pandemia hasi aurretik zuen formatu berdinarekin egin ahal izango da berriz ere, eta beraz, postuak Alde Zahar osoan zehar ipiniko dira eta ez soilik Kasino Zaharreko lorategietan.

Hala eman zuen jakitera atzo Maria Serranok, Hondarribiko Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Merkataritzako zinegotziak, iazko formatu egokitua aurten desagertuko dela azaldu zuenean. "Zorionez, aurten aurreko ohituretara itzuliko gara eta lehen egiten genuen moduan egingo dugu" zioen Serranok, azoka aforo mugaturik gabe eta Alde Zaharreko eremu osoan egin ahal izango dela iragarriz.

Larunbata eta igande honetan, ekainak 11 eta 12, hurrengo ordutegia izando du Erdi Aroko Azokak: 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 21.00etara. Denbora tarte horietan, era guztietako jarduera, ikuskizun eta ekitaldi ikus ahal izango dira egun batean izan zenera itzuliko den Hondarribian.

Aintzinako kanpamendua, tresna tradizionalen erakusketa, arabiar haima eta bestelako egiturak bisitatu ahal izango dira Alde Zaharreko kaleetan. Zinegotziak nabarmendu zuenez, azoka erreferentzia bilakatu da urteetan zehar eta geroz eta eremu gehiago hartzen ditu gune historikoan. Denetariko lanbideak aurkitu ahal izango dira bertan (arotzak, errementariak, upelgileak, urreginak...); guztira 80 postu baino gehiago egongo dira.

Saltokiez gain, beste eratako jarduerak ospatuko dira; esaterako, lore, buztina edo beira puzteko tailerrak. Musikak eta antzerkiak tokia izango dute ere azokan.