Síguenos en redes sociales:

65 urtetik gorakoek hitza hartu dute

65 urtetik gorakoek hitza hartu dute

Ekimen askotan parte hartzen dute 65 urtetik gorakoek Urretxun. Bereziki, beraien ongizatearekin zerikusia duten guztietan noski. Urretxun Adinekoen Mahaia eratu dute, udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren eskutik. Helburua 65 urtetik gorakoen beharrak eta nahiak asetzea da. Dagoeneko ekitaldi sorta bat antolatu dute.

Mahaia eta hurrengo asteetako programazioa astearte goizean aurkeztu zituzten, udaletxean. Ekitaldian Mertxe Segurajauregi mahaiko kideak, Maite Aguado dinamiza-tzaileak eta Maialen Fidalgo zinego-tziak parte hartu zuten.

Fidalgok mahaiaren filosofia azaldu zuen. "Orain arte 65 urtekoentzat programak antolatzen genituen eta ondoren beraiei eskaintzen genizkien. Orain programak denon artean antolatzen ditugu. Denon artean beharrak identifikatzen ditugu eta ondoren erantzuna ematen diegu".

Aguadok hurrengo asteetako programaren ardatzak aisialdia eta osasuna direla azaldu zuen. "Zikloak, hitzaldiak eta ikastaroak egongo dira. Nahi duten guztiek parte har dezakete, baita 65 urtetik gorakoak ez direnek ere". Segurajauregik ere herritar guztiak parte hartzera animatu zituen. "Denon artean gauza asko lor ditzakegu".

Zikloei dagokienez, hiru egongo dira. Pello Biainek Elkar Zainduz izenekoa gidatuko du. Saioak hilaren 9an eta 30ean, apirilaren 27an, maiatzaren 18an eta ekainaren 8an izango dira, kultur etxean. Saioak elebitan izango dira.

Yolanda Cervero psikologoak Salud mental en tiempos de pandemia zikloa eskainiko du. Gazteleraz izango da. Saioak hilaren 22an, apirilaren 26an eta maiatzaren 24an izango dira, kultur etxean. Bukatzeko, Itziar Gandiak Envejecer bonito zikloa eskainiko du. Saioak hilaren 21ean, apirilaren 4an eta apirilaren 18an izango dira, Emakumeen Etxean. Zikloetako saio guztiak 18.30ean hasiko dira.

Hiru ikastaro ere antolatu dira: gimnasia egokituko ikastaroa jubilatuen egoitzan ematen da ostegunetan, yoga ikastaroa kultur etxean astelehen eta asteazkenetan eta irakurketa erraz ikastaroa kultur etxean asteazkenetan.

Horretaz guztiaz gain, hiru hitzaldi egongo dira. Hiruak elebitan izango dira. Hilaren 15ean Borja Doncel ikerlariak adinagatiko diskriminazioari buruz hitz egingo du. Hitzaldia kultur etxean izango da, 17.00etan.

Hilaren 16an, Andoni Salamero doluari buruz mintzatuko da. Ekitaldi hau udaletxeko portaloian izango da eta 18.00etan hasiko da. Azken hitzaldia Amaia Siguenza dietistak egingo du. Martxoaren 28an izango da, 18.00etan, kultur etxean.

Ekitaldi hauetan guztietan nahi duten herritar guztiek parte har dezakete. Horretarako, 943 038 083 zenbakira deitu behar da edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi.