- Hasiera batean hiru auzotan martxan jarriko den auzozaintza komunitarioaren programaren aurkezpena burutu zuen Hernaniko Udalak atzo, Zabalduz eta Maitelan kooperatiben laguntzarekin. Programa honek bakardadean dauden baina bakarrik egon nahi ez duten adineko pertsonei auzoan edo komunitatean bere bizitza garatzen lagunduko die, akonpainamendu zerbitzu baten bidez. Honela, bere bizi kalitatea hobetuko da.

Xabier Lertxundi alkateak jakinarazi zuenez, hiru lerro izango ditu programa honek: diagnostikoa, interbentzioa eta komunitatea. Hiru pauso hauek dituen programarik ez dela ezagutzen esan zuen alkateak, beraz oso berritzailea dela azpimarratu zuen. "Horregatik Eusko Jaurlaritzatik dirulaguntza bat jaso du", adierazi zuen.

Konkretuki, Udalaren Zerbitzu Sozialak arduratuko dira diagnostikoaz, "oraindik ez dakigu zenbat adineko daude bakardadean, baina herrian milaka daudela aurreratu dezakegu", esan zuen alkateak. Maitelaneko langileak arduratuko dira akonpainamenduaz eta Zabalduz kooperatibak kasu bakoitzerako ibilbide-orria eta ekintzak diseinatuko ditu. Azkenik, herriko elkarte eta eragileak aurkitu behar dira adineko pertsona hauek komunitatean gizarteratzeko. "Zorionez herrian eragile eta elkarte sare handia dugu", esan zuen alkateak.

Momentuz, froga bezala hiru auzotan hasiko dira lanean: Zikuñaga, Portu-Elizatxo eta Etxeberri. Lertxundik azaldu zuenez, hiru auzo hauek aukeratu dituzte adineko jende asko dagoelako eta gainera, zentrora iristeko irisgarritasun arazo gehiago dituztelako.

Bertan bakarrik bizi diren 65 urteko gorakoei gutun bat bidali zaie programaz informatzen eta gainera, auzoetan bilera bat antolatuko dute informazio zabalagoa emateko eta zalantzak argitzeko. Froga hau ondo badoa, hilabete gutxitan programa auzo gehiagotara edo herri osora zabalduko da.

Gainera, datorren ostegunean 18.30ean Biterin auzozaintza sare publiko-komunitarioa aurkeztuko zaie herritarrei. Bertara, zerbitzua behar dutenak eta bolondres bezala sare-publikoan aritu nahi dutenak gonbidatu dituzte.

Programa honek beste helburu bat du: zaintzan ari-tzen diren langileen baldintzak hobetzea. Alkateak esan zuenez, zaintza sektore "feminizatu eta prekarizatu" bat da. Horregatik, programa honetan lan egingo dutenen orduen %15 formakuntzara bideratuko da. Formakuntza honetan euskarak pisu handia izango du, hizkuntza dakitenek lana lortzeko aukera gehiago dituztelako.