Beti bezala, urteko lehen egunetan Hiru Errege Magoen bisita egoten da. Aurten, gainera, hirukote magikoak pixkanaka-pixkanaka pandemia aurreko tradizioak berreskuratzeko aukera izango du, eta lurraldeko hainbat udalerritan ohikoak diren kabalkadetan murgilduko dira, etxeko txikienak agurtu eta ilusioz asetzeko prest. Olen-tzerok eta Mari Domingik aurretik egin zuten lez, tentu handiz ibiliko dira gaua iritsi aurreko orduetan, iluntzetik aurrera opariak arazorik gabe banatu ahal izateko.

17 herri eta hirik antolatu dute desfilea gaurko egunerako; gehienetan, hala ere, aldaketak ezarri dituzte, osasun neurriak bermatzea ziurtatu ahal izateko. Donostian, Bergaran, Zumaian eta Zestoan ohiko ibilbidea luzatu egin dute, jende pilaketarik sor ez dadin; Tolosan, Zumarragan, Aretxabaletan eta Elgoibarren Errege Magoek ez dute geldialdirik egingo kabalkadan zehar, jende pilaketa horiek ekiditeko intentzioarekin; Ordizian eta Azpeitian, berriz, ez-ohiko garraiobidea erabiliko dute, autoa lehenengoan eta txu-txu trena bigarrenean; Usurbilen eta Orion, azkenik, ez dute amaierako ekitaldirik egingo.

2021an garaian garaiko araudiak agindu zuen ospakizun hau bertan behera uztea, eta 2022an ere hainbat udaletxek erabaki bera mantendu dute, esate baterako, Hondarribiak, Lasarte-Oriak, Beasainek, Legazpik, Debak edota Eibarrek; guztira, hemezortzik. Desfilea egin ordez, herri horietan haurrek herriko plazara, kiroldegira edo beste lekuren batera joateko aukera izango dute, erregeei bisita egin eta desio dituzten opariak zeintzuk diren jakinarazteko. Zenbaitetan, gainera, aurretik izen-emandakoak soilik sartu ahal izango dira espazio horietan eta, kasu batzuetan, ordutegia adinaren arabera banandu dute.

Bigarren urtez eman beharko diegu ongietorria Meltxor, Gaspar eta Baltasarri maskarak aurpegian ipinita eta distantziak mantenduz. Inolaz ere, euren lana aurrera eramateko ezinbesteko duten magia izpirik ez dute galdu, eta arazorik gabe topatuko dituzte gaur gauean haur ororen etxetako sarrerak, tximinia ala leihoa izan. Gainerakoen egiteko bakarra, gosetuta eta egarri etorriko diren errege eta gameluentzat mokadutxo bat uztea.

Aieteko parkean agerpena. 10.30ean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Aieteko parkera hurbiltzen diren pertsona guztiak agurtuko dituzte. Donostiako lehen agerpen horretan, Ekialdeko Errege Magoek segizio bat izango dute laguntzaile, errege postariek eta Joselontxo's txarangak osatua.

Auzoetan. Errege segizioak egun hain berezi honetan egingo duen ibilbidea hauxe izango da (ordutegia gutxi gorabeherakoa da):

11.05ean Loiolako Erriberak-Maria Zambrano plazan

11.40ean Txomin-Gregorio Abartzuza plazatxoan

12.15ean Altza-Harria parkean

13.10ean Intxaurrondo-Sagastieder plazan

13.25ean Antigua-Simona Lajusten plazan

14.00etan Alderdi Eder-Udaletxeko terrazan

Umeei harrera. 15.30etik 18.00etara arte, udaletxeko terrazan ohiko harrera/eskutitz-bilketa egingo dute aire zabalean. Aurten, ilara bakarra egingo da eta, hartara, bertaratzen diren pertsona guztiek argazkia hiru Ekialdeko Magoekin aterako dute.

Kabalgata. 18.30ean hasiko da Boulebarrean. Ibilbidea hau izango da: Hernani kalea, Askatasunaren Ibilbidea, Urbieta, Mendeurraren plaza, Antso Jakituna, Pio XII, Antso Jakituna, Araba parkea, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi eta Boulevard. 20.15ean aldera bukatuko da.

Hondarribia. Errege Magoek ez dute Hondarribiko kaleetatik ohiko Kabalgata egingo, baina haurren zain egongo dira arratsalde osoan, 15.00etatik 20.00etara, Jostaldi pilotalekuan. Ekitadirako gonbidapenak Arma Plazako turismo bulegoan lortu daitezke.

Irun. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek urtero egiten duten desfilea 18.30ean abiatuko da Letxunborro hiribidetik eta hiriko zenbait kale zeharkatuko ditu (Hondarribia kalea,

Colón pasealekua, Eliza kalea, San Juan plaza, San Martzial kalea, Urdanibia plaza) eta Eguzkitzaldea eta Prudencia Arbide kaleen arteko bidegurutzean amaituko da.

Errenteria. Aurten ere ez da kabalgatarik izango, hala ere aurretik Errege Magoekin egoteko txanda hartu duten haurrek beraiei bere gutuna emateko aukera izango dute, 16.00etatik 21.00etara Merkatuzarreko José Luis Caso aretoan.

Lezo. Lopenetik abiatzen den kabalgata egin ordez, Meltxor, Gaspar eta Baltasarri harrera Lezoko Herri Eskolako patioan egingo zaie, 19.00etatik aurrera.

Andoain. Ez da ohiko kabalgatarik izango eta zaldiz iritsi ordez, Errege Magoek herriko auzoak ibilgailuz zeharkatuko dituzte, 18.00etan Sorabillatik hasita. Ibilbidea 20.00etan amaituko dute Goikoplazan eta udaletxeko balkoitik hitz egingo dute.

Entzun ahal izateko espazio segurua atonduko da (akotatua, eserlekuekin eta musukoarekin).

Lasarte-Oria. Errege Magoek haurrei harrera egingo die Kultur Etxeko auditorioan 16.00etatik 20.00etara. Ez da beharrezkoa gonbidapenik jaso-tzea eta antolatzaileek sarreran hilara desberdinak antolatuko dituzte pilaketarik ez egoteko.

Urnieta. Aurretik izena eman duten haurrek erregeekin udal frontoian egoteko aukera izango dute. Adin-tartearen arabera, ordutegi bat egokitu zaie. Hitzordurik ez dutenek, ezingo dira bertaratu.

Usurbil. Hiru Errege Magoak 17.00etan iritsiko dira ohi bezala San Estebango plazara, baina aurten euren ibilbidea 19.00etan amaituko dute Udarregi ikastolaren parean. Bere ibilbidean sendategia, Santuenea, Bizkarre, Errekatxiki, Olarrondo (atsedenaldia), Puntapax, Nagusia (kontrako norantzan) eta Zubiaurreneatik pasako dira. Covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz, ez da amaiera ekitaldirik izango.

Amasa-Villabona. Gurea zineman izango dira Errege Magoak arratsaldez (aurrez izena emanda).

Alegia. Errege Magoak plazan egongo dira 17.30etik aurrera.

Anoeta. Errege magoek harrera egingo dute elizako portikoan, 18.00etan. Umeak taldeka sartuko dira.

Asteasu. Errege Magoen kabalgata izango da 19.00etan hasita.

Berrobi. Errege Magoen kabalgata izango da 18.00etan plazan.

Irura. Arratsaldez, frontoian. Txanda ezberdinak antolatuta (aurrez izena emanda).

Tolosa. Errege Magoak egun osoan Gure Zirkuan egongo dira eta haurrek txandaka ikusteko aukera izango dute (sarrerak aurrez). Ez da ohiko kabalgatarik izango, baina ondoren, 19.15ean, Tolosako kaleak zeharkatuko dituzte (zezen plazatik hasi, Nafarroa etorbidea, Foruen etorbidea eta San Frantzisko). Ez dute geldialdirik egingo.

Beasain. Iluntzeko zamalkada ez da ospatuko. Hala ere, Erregeek ez dute beasaindarrekin egoteko aukera galduko. 17.30ean Arangoiti egoitzako egoiliarrak agurtuko dituzte, eta 18.00 etan haurrekin elkartuko dira San Martin Plazan.

Ordizia. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek autoan egingo dute aurtengo zamalkada. 18.30ean Altamiratik Plaza Nagusira bitarteko ibilbidea egingo dute, haurrak eta helduak agurtuz.

Legazpi. Kabalgatarik ez da egongo, baina Errege Magoak legazpiar haurrengandik gertu egongo dira: 18.00etatik 20.00etara Azoka gunean egongo dira. Kutsatzeak saihesteko, segurtasun distantzia gorde beharko da. Agurrak eta argazkiak urrutitik egingo dira. Erregeek gurasoei eta aitona-amonei segurtasun neurri guztiak errespetatzeko eskatu diete: jende pilaketak saihestu eta maskara erabili. Bestalde, bi postontzi jarri dira gutunak jasotzeko. Bata Kale Nagusian dago eta bestea Laubiden.

Zumarraga. Koronabirusak gauzak zaildu dizkien arren, Errege Magoek ez dute kale egingo. Aurten ere Zumarraga bisitatuko dute. Hori bai, bizi dugun egoera dela eta, ez dute ohiko kabalgata egingo. Errege bakoitza toki batetik sartuko da herrira eta gelditu gabe pasako dira herritik. Antolatzaileek ez dute ordua iragarri. Beraz, herritarrak adi egon beharko dira. Erregeek maskara ongi erabiltzeko eskatu diete herritarrei.

Zarautz. Egoerari egokituta, karroza dotore bat aterako dute kalera, 18.30ean, eta Errege Magoek herriko auzo guztiak pasako dituzte, herriko txikienei kaso eginez.

Zumaia. Errege Magoen desfilea 18.30ean egingo da. Errege Magoak itsasontzian etorriko dira. Behin Itsas kiroldegian lehorreratuta, desfileari ekingo diote. Aurten, luzeagoa izango da ibilbidea, jende pilaketak sahisteko.

Orio. Erregeak kalez kale ibiliko dira, 18.00etan hasita, eta ez dute egingo kiroldegian egin ohi duten ekitaldia. Iaz bezala, aurten ere Txurrumuski taldeko kideek jasoko dituzte haurren gutunak, Bizarzuriren izenean, gero Erregeei emateko. Gaur, 10.00etatik 13.00etara egongo dira kultur etxean.

Getaria. Errege Magoak Salbatore elizan egongo dira eta haurrak adinen arabera antolatuta bertaratuko dira. 0-4 urtekoak 16.30ean bilduko dira frontoian, 5-8 urtekoak 17.00etan eta 9tik gorakoak 17.30ean.

Aia. 19.00etatik aurrera herriko plazan izango dira Gaspar, Meltxor eta Baltasar. Herriko haurrek haiekin egoteko aukera izango dute, banan-banan.

Azpeitia. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege magoek 18.30etik aurrera bisitatuko dute Azpeitia. Osasun egoera dela eta, ez da ohiko Kabalgatarik izango; aurtengoan ordubetez, txu-txu trenean bisitatuko dituzte herriko hainbat txoko. Ohi bezala, igerilekutik abiatuko dira hiru erregeak (ohiko laguntzaile eta pajeak ez dira irtengo) eta herrian bueltaka ibiliko dira haurrak ikusi eta agurtzeko moduan. Hori bai, aurtengoan ez dute geldialdirik egingo eta ez dute ohiko agurrik egingo udaletxetik. Umeen gutunak jasotzeko posontziak jarri dituzte igerileku ondoan, udaletxe azpian eta Jose Artetxen (Botika ondoan).

Azkoitia. Ohiko kabalgatarik egingo ez den arren, Gaspar, Metxor eta Baltasar erregeek ez diote haurrekin duten hitzorduari uko egin nahi izan. Hala, Azkoitiko auzoak eta kaleak zeharkatuko dituzte, 15.30etik aurrera. Erregeak pare bat orduz ibiliko dira umeak ezagutzen eta agurtzen. Jende pilaketak saihesteko, iaz egin zuten bezala, aurten ere ibilgailu batean aterako dira Errege Magoak. Hori bai, haurren gutunak jasotzeko zakuak jarri dituzte Elkargunean, Udaltzaingoaren bulego aurrean eta Parroki aurrean.

Zestoa. Errege Magoak 18.30ean ailegatuko dira Zestoara Akua aldetik. Jende pilaketak saihesteko kabalgataren ibilbidea ohikoa baino luzeagoa izango da eta Erregeek ez dute geldialdirik egingo. Umeen gutunak jasotzeko, pajeak eliz atarian izango dira 16.30etik 18.00etan. Arroabean, berriz, Errege Magoen kabalgata bertan behera geratu da baina Erregeek umeen gutunak jasotzeko postontzia jarriko dute (16.00etatik 19.00etara) eliza atarian.

Arrasate. Kabalgatarik ez da egingo, baina ume arrasatearrei harrera egingo diete Errege Magoek. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Herriko Plazan egongo dira, 19.00etatik aurrera. Beraiengana hurbiltzen diren haurren gutunak (banaka pasako dira) jasoko dituzte, eta gozokiak emango dizkiete. Segurtasunagatik, nahitaezkoa izango da maskara ipinita eramatea bai umeak eta baita gurasoak ere.

Bergara. Errege Kabalgatan jende pilaketak ekiditeko hainbat neurri hartu dira: ibilbidea luzatu egin da, Herriko Plazan ez da beste urte batzuetako geldialdirik egingo eta ez dute gozokirik botako. 19.00etan irtengo dira udal biltegitik honako ibilbidearekin: Masterreka, Zubieta, San Lorentzo, Matxiategi, Urdangarin pasealekua, Elemental zaharreko zubipea, Herrilagunak, Irala kalea, Irizar, Barrenkale, San Martin plaza, Bidekurutzeta, San Pedro, Artekale, Arruriaga eta biltegia.

Kabalgata etxetik gertuen dagoen lekuan ikustea eskatzen da, eta ez mugitzeko leku batetik bestera.

Aretxabaleta. Meltxor, Gaspar eta Baltasar kiroldegitik irtengo dira 18.30ean. Ibilbidean zehar ez dute geldialdirik egingo.

Eibar. Jende pilaketak saihesteko Kabalgata bertan behera utzi ondoren, Errege Magoek harrera egingo diete gaztetxoei, 17.00etatik 20.00etara bitartean, udaletxearen patioan (txandaka eta aurrez ordua hartuta).

Elgoibar. Ohiko kabalgatarik ez da izango baina Hiru Erregeek Elgoibarko erdiguneko kaleak zeharkatuko dituzte; paje eta laguntzailerik gabe eta zaldi gainean. Erregeak 18.00etan ailegatuko dira Kalegoen plazara Santa Klaratik eta Maalaraino iritsi ondoren, Kalegoen plazara itzuliko dira, handik Santa Klaratik gora joateko. Ibilbidean ez dituzte geldiunerik egingo.

Deba. Errege kabalgatarik ez da egingo baina Errege Magoak Deban izango dira (18.00etatik 20.00etara bitartean), haurrak agurtu eta beren gutunak jasotzeko. Hori bai, aurtengoan hiru erregeak ez dira elkarrekin izango. Bat udaletxe azpian egongo da umeak agurtzen eta besteak Aldats frontoian eta Zumardiako kioskoan. .

Mutriku. Aurtengoan ez da kabalgatarik egingo baina Errege Magoek Mutrikuko umeak agurtuko dituzte (18.00etan) udaletxeko balkoitik. Udaletxe azpian, berriz, pajeak egongo dira haurren gutunak jasotzen.

Soraluze. Pandemia dela-eta, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek ezin izango dute kabalgatan etorri Soraluzeko umeen gutunen bila. Kalejirarik egin ez arren, batuko dituzte haurren eskariak. Horretarako postontzi berezia jarri dute Abade Etxeko kanpoko aldean.

Mendaro. Errege Magoek Mendaroko haurrak bisitatuko dituzte. Kabalgata Alkorta bidetik ailegatuko da herrira, 18.00etan.