Zarauzko herritarrek gabonak direla eta apaintzen diren erakusleiho hoberena aukeratu dezakete. Hogei establezimenduk hartu dute parte aurtengo edizioan. Andere, Fatima Cazalis, Faylinn, Francesena cerrajeria, Ganbara, Jade, Javier Lucas, Josune Moda, Kaioa, Laspiur, Olaizola optika, Zarautz optika, Orizar, Segurola iturgin-tza, Soinean euskal jantziak, Transit, Unai Garrastazu, Xarmanta, Ximiko eta Laia dendak dira, hurrenez hurren lehiaketara aurkeztu direnak. Hauen guztien argazkiak igo dituzte Murkil elkarteak duen Facebook plataformara, eta herritarrek parte hartzeko aukera izango dute atsegin dut botoia sakatuz. Ostegunera arte, (goizeko 10.00etan bukatuko da) boto gehien jasotzen dituenak publikoaren saria eskuratuko du.
Horrez gain, beste bi sari izango dira tartean. Udalak erakusleiho onenari trofeoa eta 600 euroko saria emango dio eta, era berean, Murkil Dendarien Elkarteak beste erakusleiho bat sarituko du 300 eurorekin. Saritzeko kontuan hartuko diren irizpideak, berriz, honakoak izango dira: erakustokiaren aurkezpena, bertan salgai dauden artikuluen erakusketa erakargarria den ala ez eta, azkenik, apainketaren originaltasuna. Epaimahaiaren erabakia ostiral honetan jakingo da.
Zarauzko Udalak, Turismo departamentuaren bitartez eta Murkil Dendari Elkartearen laguntzaz, gabon giroa sustatzeko asmoz, antolatu du lehiaketa.
Bestalde, Murkil elkarteak Gabonetako kanpaina berezia jarri du martxan. Abenduaren 29ra arte elkarteko establezimenduetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean 500 euroko eta 250 euroko launa erosketa txartel zozkatuko dituzte. Datorren urteko urtarrilaren 31ra arte gastatu ahalko dute irabazleek.