- EAJ-PSEren Udal Gobernuak aurkeztu dion 2022rako aurrekontu proiektua "anbizio gutxikoa" dela uste du Azkoitiko EH Bilduren Udal taldeak. Horregatik, hainbat zuzenketa aurkeztu ditu "herriko aurrekontuak hobetzeko". Koalizioa "kontuak negoziatzeko prest" agertu da baina zenbait moldaketa eta konpromiso eskatu dizkio udal Gobernuari kontuak babesteko.

Iraitz Otaño, EH Bilduko bozeramaileak, jakinarazi duenez, "azken urteetan egin izan ditugun zenbait eskaera mantentzea erabaki dugu".

Horien artean, "herriko kultur plan bat egiteko, ibai eta erreken garbiketarekin dugun arazoari erantzuna emateko, memoria historikoaren lanketa egiteko, komunitate energetiko baten sorrerarako azterketa gauzatzeko, euskara ikasteko dirulaguntzetan doakotasunerako bidean pauso bat gehiago emateko edo emakume eta gizonen berdintasunerako udal kontseilua osa-tzeko" diru partidak egokitzea edota handitzea eskatu du.

Eskaera horiekin batera, Azkoitiko EH Bilduk hiru konpromiso eskatu dizkio Udal Gobernuari datorren urteko aurrekontuak babesteko: Lehena, "etxebizitza alokatzeko dirulaguntzaren oinarriak aldatu eta herritar denei zabaltzea" da; bigarrena "Floreagako irisgarritasun planarekin jarraitzea; datorren fase berriaren lanketarekin jarraituz eta Udalak duen gerakinetik proiektua gauzatuz"; eta azkenik, "azoka plaza eraberritzeko proiektuari anbizioz ekitea".

Azken eskaera horren harira, EH Bilduk "kultur etxearen eraberritzea ere azoka plazako proiektuan bertan sartzea" eskatzen du.