- Usurbilgo Udaletik aditzera eman dutenez, herriko jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen duen diagnostikoa egiten ari dira Aztikerrekin elkarlanean. Jatorri aniztasunaren inguruko esperientziak, diskurtsoak eta iritziak bilduko ditu Aztikerrek, etorkizunean jatorri desberdineko herritarren arteko elkarbizitzan eta interakzioan sakontzeko aukerak identifikatzeko asmotan.

Ikerketa amaitu ostean, publikoki aurkeztuko dituzte emaitzak, aurreikuspenen arabera, 2021. urte hasieran. Txosten batean jasoko dituzte datuak eta horrez gain, testigantzak ikus-entzunezko batean bilduko dituzte. Udaletik gogorazi dutenez, elkarrizketa sakonak egingo dizkiete ezaugarri zehatz batzuk betetzen dituzten herritarrei: espresuki gonbidatuko dituzte herritar horiek azterlanean parte hartzera, aurrez definitutako hamaika soslairen arabera aukeratuko dituztenak.

Joan den astean dozenaka lagun elkartu ziren Sutegin, azterketaren aurkezpenean, eta euren alea jar-tzeko borondatea agertu zuten.

Azterketa hau Usurbilgo Udalarantzat oso garantzitsua da, baina COVID-19aren testuinguruan are gehiago. Aurkezpenean Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak ohartarazi zuenez, "osasun krisiaren ostean krisi ekonomikoa etorriko da, eta krisi egoeratan arrazismoa esponen-tzialki hazten da".

"Hori dela eta, inoiz baino garran-tzitsuagoa eta beharrezkoagoa elkarbizitzan inbertitzea: egingo dugun inbertsiorik garrantzitsuena dela esango nuke", adierazi zuen Usurbilgo alkateak.