- Herritarrek garaiko eta kalitatezko produktuak erosteko aukera edukitzeko, “modu eroso eta erraz batean”, Urnietako baserritar talde bat antolatu da. Eurek ekoiztutako produktuak herritarren eskura jarriko dituzte Km 0 ekimenaren barruan. Gainera, horrela, bidaietan sortzen den kutsadura ekidingo dela, eta era berean, herria suspertuko dela kontatzen dute ekimenaren bultzatzaileek.

Esan bezala, eskaerak eta erosketak saltzaile eta erosleentzat modu erraz eta antolatu batean egingo dira eta horretarako, produktoreek Whatsapp talde bat sortu dute. Bertako produktu horiek erosteko interesa duten herritarrak talde horretara sartuko dituzte.

Bertan, produktore bakoitzak, larunbat eta igandeetan, aste bakoi-tzean eskaintzen dituen produktuen zerrenda ipiniko du prezioekin eta euren kontaktuarekin batera, eta ondoren, interesa duten herritarrek baserritar bakoitzari komunikatu beharko diote zuzenean zer erosi nahi duten. Horretarako epea asteazkenera bitartekoa izango da. Izan ere, produktuen banaketa eta ordainketa ostegunetan 17.30etik 18.00etara bitartean gauzatuko da herriko San Joan plazan.

Beraz, Whatsapp talde hori norabide bakarrekoa izango da. Hau da, produktoreek eskaintzaren gaineko informazioa zabaltzeko soilik baliatuko dute. Gero, hartu-emana, produktore bakoitzarekin izango da. Whatsapp talde horretara batu nahi duten herritarrek 674 175 430 telefonora idatzi edo deitu beharko dute.

Momentuz lau produktorek ekingo diote ekimenari: Adarrazpi, Errekalde, Gurutzeta eta Goiburu baserriek, hain zuzen.

Konkretuki, Adarrazpik ardietatik eratorritako produktuak eskainiko ditu. Hala nola, esnea, gazta freskoa, mamia, esne gordinarekin egindako gazta eta arkumea. Gurutzeta eta Errekaldek berriz, mota guztietako barazkiak: tomatea, letxuga, porrua, azenarioa, tipulinak, kalabazina, pepinoa, zerba eta kalabaza, besteak beste. Ahateekin egindako produktuak nahi dituztenek ostera, Goiburun izango dute aukera: foie, ahateen haragiarekin egindako albondigak, patea, urdaiazpikoa eta sagar purea dira adibideetako batzuk, denak kontserbanterik eta koloranterik gabeak.

Momentuz lau produktore horien eskaintza izango da aukeran, baina beste baserritarren batek batu nahiko balu aukera izango luke.

Ekimenaren bultzatzaileak gogoz eta ilusioz beterik daudela adierazi dute, herritarrek erantzungo duten esperantzaz. Hori bai, zehazten dutenez, orain da bertako produktuak babesteko momentua, eskaintzak eskaera izanez gero soilik jarraituko baitu.